Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bulgaria

(Izen ofiziala, Bulgariako Errepublika; bulgarieraz, Balgarija). Europako hego ekialdeko errepublika, Balkanetako penintsularen ekialdean. 110.912 km2 eta 7.322.858 biztanle (2008, bulgariarrak). Mugak: iparraldean Errumania, hegoaldean Grezia eta Turkia, mendebaldean Jugoslavia eta Mazedonia, eta ekialdean Itsaso Beltza. Hiriburua: Sofia. Hiri nagusiak: Burgas, Plovdiv, Ruse, Stara Zagora eta Varna. Hizkuntza: bulgariera. Gizatalde nagusiak: bulgariarrak % 85, turkiarrak % 9. Erlijioa: bulgariar ortodoxoak % 85, musulmanak % 13. Dirua: lev-a. ■ Bulgaria otomanoen mende egon zen 1908 arte. Mundu gerretan parte hartu eta galtzaile atera zen, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren Sobiet Batasunaren eraginpean gelditu zen. 1991 arte komunisten agintepean egon zen, eta Sobiet Batasuna desegin zenean politikan demokrazia, eta ekonomian merkatu ekonomia ezartzeko ahaleginak hasi ziren. Ekonomiaren egiturarekin, batez ere pribatizazioarekin, loturiko gorabeherez gainera, zailtasun handiak daude inflazioa eta langabezia kontrolatzeko, ustelkeriari aurre egiteko eta mafia erako taldeak deuseztatzeko. ■ Biztanleak. Biztanleen % 85 inguru bulgariarrak dira, eta hurrengo etnia nagusia turkiarrena da (% 9), baina turkiarren kontrako diskriminazio gogorra bideratu izan da Bulgarian; 1980 eta 1990 artean emigrazio indize negatiboa izan zuen, batez ere Bulgariako gobernuak turkiarren kontra antolaturiko esetsaldiaren eraginez turkiar askok ihes egin behar izan zuelako. Bestalde, gutxiengo turkiarra nagusi den eskualdeetan demografia hazkundea askoz ere handiagoa da eskualde bulgariarretan baino, baina, hala ere, 1990eko hamarraldian zehar biztanle hazkundea negatiboa izan da eta biztanle kopurua ez da nabarmen aldatu. Biztanleen % 71 bizi da hiriguneetan, Balkanetako gainerako herrialdeetan baino gehiago, eta banaketa nahiko uniformea da Bulgariako lurralde guztian (Sofian izan ezik). ■ Ekonomia. Bulgariako ekonomia Sobiet Batasunaren mende egon zen 1991 arte. Tradizioz nekazaritzak garrantzi handia zuen arren, komunismoaren garaian bultzada handia eman zitzaion industriari. Garrantzi handiko jarduerak izan dira lurpeko ondasunen ustiakuntza (lignitoa, Stara Planinan; petrolioa, Varnaren iparraldean, beruna, zinka, kobrea eta uranioa) eta industria astuna. Aipagarriak dira, orobat, nekazaritza espezializatua (laboreak, azukre kanabera, tabakoa, kotoia, ardoa etab.) eta kontsumo eta ekipo ondasunen ekoizpena (makinak, ehungintza, elikagaiak). 1990 inguruan merkatu ekonomiarako trantsizioa hasi zen, eta prozesu horretan Bulgariako egitura ekonomikoaren ahultasuna nabarmendu da: konkurrentziarako ahalmen eskasa, kanpo zor handia, diruaren ahultasuna, etab. 1996ko finantza eta banku krisi larriaren ondoren, 1997an Nazioarteko Diru Funtsaren sistema ezarri zuen, ekonomia egonkortzearren. 1996-1997an izugarri igo zen inflazioa, eta 1998an % 30 garestitu ziren kontsumorako prezioak. 1998an Diru Funtsaren laguntza berezi bat jaso zuen, erreforma aurrera eraman ahal izateko: pribatizazioa, nekazaritzaren liberalizazioa, gizarte zerbitzuen erreforma, ustelkeriaren eta krimenaren kontrako neurriak. Azken urteotan zerbitzuak eta industria izan dira ekonomia jarduera nagusiak, bai barne produktuari dagokionez (% 53 eta 34, hurrenez hurren) eta bai langile aktiboen kopuruari dagokionez ere (% 46 eta 40, hurrenez hurren). Bulgariako gairik ospetsuena larrosa esentzia da, lurringintzan erabiltzen dena. ■ Europa ekialdean aldaketa politikoak hasi arte Bulgariako kanpo merkataritza Sobiet Batasunarekin eta gainerako herri sozialistekin batera egiten zen, baina 1991z gero Europako Batasunarekin ekonomia harremanak sendotzen ahalegindu da (merktaritza harremanen % 45, 1995ean). Aurrerantzean garrantzi handiko zeregina izan dezake Balkanez haraindiko herrialdeen arteko merkataritza harremanetan. ■ Gobernua eta administrazioa. 1991n konstituzio berria idatzi zen, eta alderdi anitzeko erregimena ezarri zen. Errepublikako lehendakaria da estatuburua, eta zuzeneko bozketaz hautatzen da; aginpide betearazlea Lehen Ministroa buru duen gobernu baten esku dago, eta legebiltzarraren konfiantza behar du (240 kidez osatua da legebiltzarra). Bulgariako lurraldea 9 administrazio barrutitan dago banatua. ■ Historia. Azken urteak. Bulgaria Sobiet Batasuna zenari guztiz loturik ibili izan zen beti, eta Sobiet Batasunaren gainbehera zetorrenean ere, bulgariarrek bidez bide segitu zioten 1987tik aurrera Gorbatxov lider sobietarrak abiarazitako perestroika-ri. Horrela, 35 urtez Bulgariako estatuburu egon zen Todor Zivkov komunista alderditik bota zuten, bere kargua utzi behar izan zuen, eta erreformari ekin zioten, 1989an, Petar Mladenov komunisten buruzagi berriaren zuzendaritzapean. Alderdi anitzeko sistema antolatzen hasi zen eta bulgariar turkiarren eskubide zibilak ezagutu ziren. 1990an hauteskunde libreak antolatu ziren; Bulgaria izan zen hauteskunde libreen bidez legebiltzarra hautatu zuen erregimen komunista ohiko lehen herrialdea. Komunista erreformazaleen alderdi sozialista atera zen irabazle, eta komunismo garaiko disidenteak biltzen zituen zentro-eskuineko Indar Demokratikoen Batasuna izan zen bigarren. 1991ko urriko hauteskundeetara hirurogei alderdi politikotik gora aurkeztu ziren, eta Indar Demokratikoen Batasunak irabazi zuen, turkiarren ordezkari zen Eskubideen eta Askatasunen Mugimenduaren laguntzarekin; alderdi sozialista gelditu zen bigarren. Horrela, Zhelyu Zhelev oposizioko burua izendatu zuten lehendakari, eta 1992an hark irabazi zuen berriro. Baina merkatu ekonomiara egokitzeko zailtasunak, ustelkeriak eta pobreziak (biztanleen erdia baino gehiago zen pobrea) egoera larritu zuen, eta erreformari aurre egin ezinik, legebiltzarrerako hauteskunde aurreratuak egin ziren 1994an. Sozialistak izan ziren garaile, baina finantzen gainbehera ekarri zuten (soldatak murriztu ziren, inflazioa areagotu zen, eta banku eta kreditu erakundeek hondoa jo zuten). 1996 amaieran krisi politiko larria sortu zen, eta egoera larritu egin zen 1997an Indar Demokratikoen Batasuneko Petar Stonyanov hautatu zutenean Zheleven ordezkari. Stonyanov presidenteak sozialisten kontrako politika bideratu zuen, eta 1997ko hauteskunde aurreratuetan gehiengo absolutua eskuratu zuen (Ivan Kostov izendatu zuten Lehen Ministro, Videnovek bere kargua utzi ondoren). Politika ekonomiko neoliberala bideratu du gobernu berriak, Nazioarteko Diru Funtsaren irizpideei jarraituz, inflazioa kontrolatzearren (enpresa publiko asko pribatizatu dira, alor publikoan lanpostu asko kendu dira…); horrekin batera, 1990 hasieratik nabarmendu zen ustelkeria eta kriminaltasuna desagerrarazteko neurriak hartu behar izan dituzte agintariek. Bulgariak Europako Batasunean eta NATOn sartzeko eskaerak egin ditu, eta Balkanetako egoera egonkortzen lagun zezakeen segurtasun eremu bat antolatu nahi izan du Grezia, Turkia eta Bulgariaren artean. Bestalde, Balkanetako gerran ez du parte hartu, eta 1992an ezagutu zuen Mazedoniaren burujabetasuna; liskar handiak izan ditu, ordea, Mazedoniako gobernuarekin, ez baitu onartzen mazedoniarrek nazio bat osatzen dutenik eta ez baitzuen onartzen mazedoniera Mazedoniako hizkuntza nazional gisa. Azkenik, aipagarria da Bulgaria dela Asia hego-mendebalderako heroina trafikoaren gune nagusia, eta handik sartzen dela, orobat, Europara Hego Ameriketako kokaina. 2004an, Bulgaria NATOn sartu zen eta 2007an, berriz, Europako Batasunean.
http://bansko.bg/