Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brod, Max

Txekoslovakiako idazle eta filosofoa. (Praga, 1884 - Tel Aviv, 1968). Alemaneraz idatzi zuen. Pragan bizi izan zen 1939a arte. Gertakizunek hartara beharturik, Praga utzi eta Israelera joan zen bizitzera 1939an. Zuzenbide karrera egin zuen literatuari lotu aurretik. Werfel, Rilke, Kafka eta Brod «Pragako eskola» deitu izan den joerakoak dira. Brod bera idazle gisa baino gehiago ezagutzen da Kafkaren argitaratzaile eta haren interpretatzaile bezala. Izen handia eman zion 1906an argitaratu zuen Tod dem Totem (Hilen heriotza), kontakizun neo-erromantikoak. 1913an Arcadia aldizkaria argitaratzen hasi zen, eta hark eman zion aukera bere iritziak argi emateko: ikuspegi politiko, sozial eta ekonomikoek idatz gaia aukeratzean garrantzia handia dutela, eta idazteak berak ere eragin osasungarria duela. Der meister (Maisua), eta beste hainbat liburu ere idatzi zuen. Baina Kafkari buruz egindako lanak (Franz Kafka, eine Biographie, Franz Kafka, Biografia bat), eta hura ezagutzera emateko egin zuen lanak egin du ospetsu.