Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brézillon, Michel

Frantses arkeologoa (Vincennes, 1924 - Orgelet, 1993). Gazte-gaztetatik abenturazalea izan zen; 1947-1950 urteetan Indotxinan izan zen, eta han hegoaldeko goi ordokietako moi nomadak ezagutu zituen. 1951n Frantziara itzuli zen, baina berehala Sahara aljeriarrera joan zen arkeologia lanetara. 1958an André Leroi-Gourhan ezagutu zuen, Brézillon-en lanean izugarrizko eragina izango zuena. Leroi-Gourhanen aurrehistoriako eta protohistoriako ikerketen zentroko zuzendari laguntzaile izan zen. 1960ko hamarraldia tokian tokiko jarduera aldia izan zen Brézillonentzat. Arcy-sur-Cure (Yonne) eta Pinceventeko (Seine-et-Marne) indusketa paleolitikoetan lan egin zuen. Aldi berean, Frantziatik kanpoko ikerketa arkeologikoetan parte hartu zuen, Egipto, Grezia, Aljeria, Espainia, Japonian. Hala ere, Brézillonentzat indusketa nagusiak Mournouardsekoa (Marne) eta Pinceventekoa izan ziren, haietan ikerketa metodo berriak erabili ahal izan baitzituen. 1966an La Dénomination des objets de pierre taillée. Matériaux pour un vocabulaire des préhistoiriens de langue français (Harri landuko objektuen izendapena. Materiala historiaurreko frantsesezko hiztegi baterako) doktore tesia aurkeztu zuen, berehala prehistoriaren zaleen artean oinarrizko lana bilakatu zena. 1978an Kulturako ministroak Ondasunaren Zuzendaritzeako Arkeologiaren ikuskatzaile kargua eman zion. Brézillonek berrikuntzak eragin zituen arkeologian eta tresna juridiko berriak eragin zituen ondasun arkeologikoaren ikerketa eta kudeaketa gaur egungo bizitzara egokitzeko. 1980an Ohorezko Legioko zaldun izendatu zuten eta 1987an arkeologiaren sari handia jaso zuen Kulturako ministerioan egin zuen lanagatik.