Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Breton, André

Frantses idazlea (Tinchebray, Orne, 1896 - Paris, 1966). Medikuntza ikasten hasi bazen ere, laster utzi zuen poesiagatik. Lehen Mundu Gerraren garaian Apollinaire, Soupault eta Aragonekin harremanetan jarri zen. Aldi bertsuan, Freud eta Lautréamont irakurri zituen, Bretonentzat garrantzi handiko izan zirenak. Aragon eta Soupaultekin Littérature aldizkaria sortu zuen. Lehen testu surrealistaren egilea izan zen, Supaultekin batera: Les Champs magnétiques (Eremu magnetikoak) (1921), eta harexekin idatzi zuen lehen poema liburua: Mont de piété (Erruki etxea). Tristan Tzara Parisa iristean (1920), Breton eta bere taldea dadaismoari lotu zitzaizkion baina bi urte geroago harekin hautsi zuten. 1924an Prémier Manifeste du surréalisme (Surrealismoaren lehen agiria) deiturikoa plazaratu zuen eta urte amaieran La Révolution surréaliste aldizkariaren lehen alea agertu zen. Bretonen ustez, gizona zapaltzen duten indar sozial, ekonomiko, filosofiko eta erlijiozko guztietatik askatzeko modu bakarra poesia da. Garai hartakoak dira: Nadja (1928), eleberria; Second Manifeste du surréalisme (Surrealismoaren bigarren agiria) delakoa (1930); L’Immaculée Conception (Ama Birjina sortzez garbia) (1930) eta Les Vases communiantes (Hodi komunikatuak) (1932) poema liburuak. Alderdi komunistan sartu zen (1927), baina 1933an egotzi egin zuten. Dotrina surrealistari azken muturreraino leial, surrealismoaren Aita Santua deitua izan denak lehengo lagunekin hautsi zuen: Aragon (1935), Éluard (1938). Emakumea kantatu zuen hainbat liburutan: Union libre (Batasun askea) (1931), L’Amour fou (Amodio eroa) (1937), Arcane 17 (1947). Mexikon Trotsky aurkituta, gero eta estalinismoaren aurkako jarreran bermatuago agertu zen. 1940an bere Anthologie de l’humour noir (Umore beltzaren antologia) galarazia izan ondoren, Frantzia utzi zuen 1941etik 1946ra AEBetan bizi izanik. Arteari buruzko bi saiakera plazaratu zituen: Le Surréalisme et la Peinture (Surrealismoa eta Pintura) (1946) eta L’Art Magique (Arte magikoa).