Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bretainia

(Bretoieraz Breiz edo Breizh; Fr. Bretagne) Frantziako lurraldea, Estatuaren mendebaleko Armorika penintsula hartzen duena. Lau departamenduk osatua da: Côtes-du-Nord, Finistère, Morbihan, Ille-et-Vilaine. 27.000 km2 eta 2.707.886 biztanle. Berez Bretainiakoa ere den Loire-Atlantique departamendua (hiriburua: Nantes), eskualde honetatik kanpo geratu zen Frantziako Iraultzaren ondoren.  v  Orografia. Mendebaleko Bretainiak edo Behe Bretainiak mendi apalak dituzte barnealdean (Arrée Mendiak, 384 m; Mendi Beltza, 325 m). Lurralde zelaiak zabaltzen dira mendi hauen eta kostaldearen artean. Ibai sakonek urratzen dituzte eremu lau hauek. Itsasora orduko, ibaiak zabaldu eta bokale handiak osatzen dituzte. Kostaldea guztiz malkortsua da, penintsulak eta uharteak ugari dira eta badiek, golkoek eta lurmuturrek etengabe mozten dute itsasertza. Iparraldeko kostaldea hegoaldekoa baino garaiagoa eta malkorragoa da. Bitan banatzen dira, bestalde, Behe Bretainiako lurraldeak: Armor (bretoieraz «Itsasaldeko herria») eta Argoat (bretoieraz «Oihan herria»). Ekialdeko Bretainia edo Goi Bretainia eremu zabal eta irekiagoa da, eta lurrak askoz ere zelaiagoak dira (altuera gorenak 200 metrorik ez).  v  Klima. Ozeanikoa da, hezea eta ez oso hotza; euria urte osoan egiten du Bretainia guztian. Barnealdean elurra egin ohi du neguan. Hegoaldea, Loira ibaiaren aldea, eguzkitsuagoa da.  v  Biztanleria. Jendetsua izan da beti, baina emigrazio handia nozitu behar izan zuen XIX. mende erdialdetik aurrera. Milioi bat gaztek utzi dute Bretainia mende batean. Biztanle galera hau 1960. urtetik aurrera eten zen nolabait.  v  Ekonomia. Mendeetan zehar ekonomia jarduera nagusia izan den nekazaritzak garrantzi gutxiago du egungo Bretainian, lanpostuen % 30 nekazarienak badira ere; sail txikiak dira nagusi oraindik (146.000, 13 ha batez beste, 1970ean). Espezializazioak (behi aziendak ekoizpenaren % 83a hartzen du) emaitza onak ekarri ditu (Frantziako estatu osoko esnekien % 12 eta haragien % 10 ekoizten ditu Bretainiak). Zerri azienda ere garrantzizkoa da (Frantziako estatu osoko % 30) eta garagar, lekadun eta barazki produkzio maila handia da. 5.600 arrantzontzi eta 16.000 arrantzale; Bretainiako arrantzak, industrialak (Saint-Malo; Douarnenezetik Etelera) eta eskuzkoak (ipar eta hegoaldeko kostaldeetan) 200.000 t arrain ematen du urteko (estatu osoko % 45). Lorient, Concarneau eta Douarnenez dira arrantza-portu nagusiak. Bretainiako industria ahula da. Janari industria da nagusi (esnekiak eta kontserbak) eta, ondoren, elektronika. Zerbitzuetan garrantzi berezia hartu du Bretainiako turismo handiak. Rennes (124.000 biztanle 1954an, 215.000 1972an) administrazio, ekonomia eta unibertsitate hiriburua, Brest merkataritza portu handia eta Lorient dira Bretainiako hiri nagusiak, Saint-Brieuc, Quimper, Saint-Malo, Vannes, Fougères eta Morlaix hiriekin batera. Hauez gainera, Nantes eta Saint-Nazaire Loire-Atlantique departamenduko Bretaniako hiriek ere industria maila handia dute (petrolio findegia Vern-sur-Seichen).