Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bourgain, Jean

Belgikar matematikaria (Ostende, 1954). 1975ean ikerketarako beka bat jaso zuen, eta Bruselako Unibertsitate Librean egin zuen doktoregoa. 1981ean, beka bukatu zitzaionean, irakasle izendatu zuten unibertsitatean bertan, eta postu horretan egon zen 1985. urtea arte. Bere ikerpen lanari esker zenbait sari jaso du, Empain saria (1983) eta Salem saria, besteak beste. 1985ean Belgikako sari zientifiko garrantzitsuena, Damry-Deleeuw-Bourlart, eman zioten. Urte berean Bourgainek bi postu onartu zituen: bata Illinoisko Unibertsitatean (AEB) eta bestea Bures-sur-Yvette-ko Zientzia Institutuan, Frantzian. Akademia Frantsesak Langevin saria (1985) eta E. Cartan saria (1990, Frantziako garrantzitsuena) eman zizkion. 1994ko Zuricheko Nazioarteko Matematikarien Kongresuan Bourgainen lanak merezi zuen ohorea jaso zuen Fields domina eman ziotenean. 1988an Jerusalemgo Judu Unibertsitatean matematikako irakasle izan zen, eta 1991n Caltech-en (AEB) garrantzi handiko postu bat bete zuen. Frantziako Institutua utzita, Princetonen ari da lanean 1994az geroztik. Bourgainek ekarpen ugari egin ditu analisiaren arlo askotan.