Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bosniako gerra

1992-1995 urteetan, hiru urtez, Bosniako biztanle musulman, kroaziar eta serbiarren artean izan zen gerra zibil odoltsua, Daytongo akordioek (1995eko azaroa) bukarazi zutena. Gerra honetan, “garbiketa etniko” deritzan estrategia abian jarri zuten serbiarrek: lurralde etnikoki homogenoa lortzea zuen helburua estrategia horrek; zibilen kontrakoa zen bereziki, eta masa kanporatzeak, hilketak, bortxaketak erabiltzen zituen. ■ Bosnia Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federatuaren baitan. 1945eko Jugoslaviako konstituzioak, Jajce-ko Nazio Askapenerako Kontseilu anti-faxistan (1943ko azaroak 29) adierazitako hastapenak jasotzen zituen, eta, konstituzio hark zioenari jarraituz, Jugoslaviako sei errepubliketako bat bihurtu zen Bosnia-Herzegovina, eta bosniartzat hartzen ziren Bosnia osatzen zuten hiru herriak, serbiarrak, kroaziarrak eta musulmanak. 1971eko erroldan jaso zen aurrenekoz Bosniar musulmanen berezitasun nazionala. Haren arabera, “musulman” hitzak ez du izendatzen erlijio bat, nazionalitate bat baizik. Komunisten iritziz, aldaketa horrekin musulmanen jatorri etnikoari buruzko eztabaidek desagertu behar zuten. ■ Gerraren ondorenean, federazio osoaren eredu bihurtu zen Bosnia, Jugoslavia txiki bat, herri desberdinak elkarrekin bakean bizi zirena. Horrez gainera, 1945etik aurrera, berreraikuntza (burdinbideak eta errepideak) eta industrializazio plangintza handi bat (eredu sobietarraren arabera) jarri zen abian. Etorkinak ugaldu ziren, landaldetik industriagune berrietara joanda: Zenica, Tuzla. Beste etorkin batzuek Vojvodina aldera jo zuten, hantxe baitzeuden nekazari jabego handiak, komunistek nazionalizatuak eta gero banatuak. ■ Titoren erregimenak herrien arteko batasuna eta anaitasuna aldarrikatzen zituen, eta nazionalismoaren agerpen oro debekatzen. 1950etik aurrera ekonomia sistema berezi bat ezarri zuen, autogestioa eta jabetza sozialaren nozioetan oinarritzen zena. Enpresak ez ziren jada estatuarenak (Europa Ekialdeko beste herrialdeetan bezala), haietan lanean zihardutenenak baizik. Sozialismoaren eredu berezi honi uko egin zioten, 1956 arte, Europako beste herri komunistek. Bosnian zeuden lantegi handienak, masa industrializazioaren oinarri zirenak, eta, 1960tik aurrera, kontratu asko egiten hasi ziren atzerrian bosniar eraikuntza elkarteak, Mendebaldekoekin lehian; industria kimikoak eta elektroteknikoak ere gora egin zuten. Baina Tito hil ondoren, finantza eskandalu batzuek agerian jarri zuten bezeroen babesean oinarritzen zen ekonomia eta politika haren ahultasuna. 1980ko hamarraldiaren bukaeran oso inflazio handia zen, eta bizitza politikoari ere eragin zion. 1990ean, talde nazionalista berriek irabazi zituzten aurreneko hauteskunde libreak eta pluralistak: Alija Izetbegovicen buruzagi musulmanaren Ekintza Demokratikoko Alderdia (SDA), Franjo Tudjmanen Komunitate Demokratiko Kroaziarra (HDZ) eta Radovan Karadzicen Serbiar Alderdi Demokratikoa nagusitu ziren ordu arte komunistek menderatzen zuten legebiltzarrean. Hiru alderdi horiek koalizioko gobernu bat osatu zuten, lehendakaritza hirukoiza zuena, Alija Izetbegovicen gidaritzapean. 1991n gudaroste federal jugoslaviarrak Eslovenia eta Kroaziari eraso egin zienean –ekainean onartu zuten haiek beren herrien burujabetza–, Izetbegovicek, zuhur jokatuz, ez zuen adierazpenik egin errepublika haien alde. Baina Bosniako kroaziarrak, HDZ alderdiaren inguruan bilduak, erasotuak sentitu ziren, eta SDSko serbiarrek berriz Jugoslaviako federazioari eutsi nahi izan zioten. ■ Bosnia-Herzegovinako gerra. Eslovenia eta Kroaziako gatazkek Bosnia-Herzegovinara bultzatu zuten errepublika horietan zegoen gudaroste federala. Jugoslaviako Federazioaren apurtzeak, gainera (1991), auzitan jartzen zuen Bosniako errepublikaren iraupena, Bosnia baitzen Jugoslaviaren ikurra: etnia anitzak, herrien arteko harreman onak, alfabeto desberdinen erabilera lurralde bakarrean. Bestalde, alderdi nazionalista berrietatik inork ez baitzuen gehiengorik legebiltzarrean, hiru talderen arteko akordioa bilatu beharra zegoen. Lehendakaritza hirukoitzaren lehendakaria, Izetbegovic, Bosniako estatu etnia-anitz baten aldeko zen. Baina Izetbegovicen iraganari eraso egin zioten bere arerioek: harexek idatzi zuen “Adierazpen Islamiarra”, tesi nazionalistetan oinarritua, eta 1983an kondena ekarri ziona. Beste bi alderdi nazionalista nagusiak, SDS eta HDZ, Bosnia-Herzegovinaren alderdi serbiar eta kroaziarrak, ondoko herrialdeekiko loturak estutu nahi zituzten, Serbia eta Kroaziarekin alegia. Nazioarteko komunitatearentzat. berriz, Bosnia-Herzegovinaren desagertzearen hipotesiak, Bigarren Mundu Gerran zehazturiko mugen egonkortasunaren arazoa sortzen zuen. Beste aldetik, Bosnia-Herzegovinaren nazioarteko onespenak gerraren arriskua zekarren, serbiarrek nahiago baitzuten jugoslaviar estatu federatu batean geratu. Hori zela-eta, Europako Batasuneko arbitratze batzordeak –Jugoslavia ohitik jaiotako estatuen onespen baldintzak aztertzeko sortua–, Bosniaren independentziari buruzko iritzi negatiboa eman zuen. Alabaina, erreferendum bat egin zuen Bosniak (1992ko otsailak 29), aldez aurretik espero zen emaitza izan zuena: % 62, hautesle musulmanak eta kroaziarrak, independentziaren aldeko; serbiarrek boikota egin zuten. 1992ko martxoan indepedentzia aldarrikatu zuten agintari musulmanek eta kroaziarrek, eta nazioartean apirilean onetsi zen. Berehala, Bosniako serbiarrek, Radovan Karadzicek gidaturik, beren iritzia kontuan hartzen ez zuen onespen horri uko egin, eta gerra zabal bati ekin zioten. Serbiarrek 1992ko apirilaren 6an hasi zuten Sarajevoren setioa, eta “Bosniako Errepublika serbiarra” aldarrikatu zuten 1992ko apirilaren 7an. Errepublika horren burua Radovan Karadzic zen, Sarajevoko auzo batean zegoena, Palen. Aste batzuetan, Bosnia-Herzegovinako lurren % 70en jabe egin ziren Bosniako serbiarrak. ■ Serbiarrek serbiar ez zirenen kontra “garbiketa etniko” deitu den estrategia erabiltzen zuten arren (lurralde etnikoki homogeneoa lortzea zuen helburua, biztanleak bertatik kanporatuz edota akabatuz), eta nahiz eta jakin bazirela “atxiloketa esparruak”, atzerritarrek ez zuten gatazkan parte hartu nahi. Agerian geratu zen honelako gatazkak bideratzeko Europako Batasunaren gaitasun urria: ez zegoen atzerriko politika bateraturik, eta aterabiderik gabeko arazo batean trabatuta geratu zen Europa. NBEak, bere aldetik, Kasko Urdinak bidali zituen, ardura bakarra giza laguntzaren bideratzeko babesa ematea zutena. Nazioarteko Bitartekaritza gudarosteak (UNPROFOR), 1992ko ekainan iritsita, eremu batzuk baketu zituen, baina aldi berean serbiar, kroaziar eta musulmanak beste lekuetan guduan jarrai zezaten utziz. NBEren Segurtasun Batzordeak sei “segurtasun eremu musulman” sortzea erabaki zuen, biztanle zibilak babesturik egon zitezen (Srebrenica, Gorazde, Zepa, Tuzla, Bihac eta Sarajevo). Srebrenica eta Zepa, ordea, serbiarrek konkistatu zituzten, eta haien esku geratu ziren zibilak; argi geratu zen orduan nazioarteko komunitatea ez zela gai bere konpromisoak betetzeko. ■ Musulmanen eta kroaziarren arteko liskarrek –1992ko abuztuan “Herceg-Bosna” errepublika aldarrikatu zuten Bosniako hegoaldean– areago nahasi zuten gerra. 1993. urtean, bi alderdiek baliatu zuten “garbiketa etnikoa”, eta horrek biztanleen ihesaldi gehiago ekarri zuen. Gainera, kroaziarren eta musulmanen atxiloketa esparruak aurkitu ziren. Guduen bortizkeriak biktima asko eta asko eragin zuen. Mostarren, kroaziarrek hiriko zubia txikitu zuten, otomandar artearen erakusgarria, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko ikurtzat hartzen zena. Hilkintzak izan ziren Bosnia erdialdean eta Ekialdean, eta orobat Herzegovinan. Gatazkaren konplexutasuna eta guduen nahasketa are handiagotu ziren, musulmanen baitan ere bai baitzen borroka armaturik: Bihac-eko musulmanek nahiago zuten Sarajevoren agintepetik atera eta serbiarren eta kroaziarren kide izan. ■ 1994ko martxoan, amerikarren presio gogorren ondoren, aliantza kroaziar-musulman bat osatu zen. Era horretan sortu zen Federazio kroaziar-musulmana (edo Bosnia-Herzegovinako Federazioa), bere aldetik Kroaziarekin konfederatua zegoena. Federazioak guduak gerarazi zituen, nahiz eta lurraldearen eraikuntza juridikoa oraindik erabaki gabe zegoen. Hala, baziren aduana postuak, gudaroste lokalen kontrolpean, giza laguntzaren parte bat hartu eta bueltan bidal zezaketenak. Horrez gainera, sortu ziren gerran metaturiko dirutzak Mostarren biltzen zituzten trafiko sareak ere. Bestalde, hiri hori, 1994an Europako Batasunaren aginte administratiboaren pean jarri zena, bitan dago banatua orduz geroztik: parte bat, aberatsena, kroaziarra da, eta bestea, pobrea eta suntsitua, musulmana. Musulmanek hiriko parte kroziarrera joateko eskubidea duten arren, ez dira ausartzen. Bestalde, “musulman” hitza nahasgarria gerta daitekeelakoan, SDAko buruzagiek 1994az gero “bosniako” hitza hartu dute ofizialki Bosniako biztanle musulmanak izendatzeko. ■ Gerraren bukaera eta Daytongo akordioak. Estatu Batuek luzaroan ez zuten parte hartu Bosniako gatazkan, gerra hau Europako Batasunak eta NBEak bideratu beharko zuketelakoan. Baina erakunde horiek, bertan izanagatik, ez ziren gai izan krisia konpontzeko. Hala, hiru urtean, bost plangintza proposatu ziren bakea lortu eta Bosnia-Herzegovinaren etorkizuna moldatzeko. 1995. urtearen hasieran, 150.000 bat lagun ziren hilak, eta bi milioi erbesteratuak. ■ Estatu Batuek Bosnian militarki esku hartzea erabaki zutenean, 1995eko ekainetik aurrera, sortu berria zuten NATOko eta Europako Batasuneko hamabost herrik erreakzio lasterreko gudaroste bat UNPROFORi laguntzeko. Baina egoera aldatu, batez ere Estatu Batuek Bosniako serbiarren kontra 1995eko abuztuan abian jarritako NATOren aireko erasoaldien estrategiak aldatu zuen; izan ere, haiei esker kroaziarrek eta bosniakoek konkistatu ahal izan zituzten galdutako lurraldeak, eta banaketa orekatuagoa egin: % 49 (Bosnia-Herzegovinako Federazioarentzat) eta % 51 (Bosniako Serbiar Errepublikarentzat). NATOren bonbardaketek asko ahuldu zituzten Bosniako serbiarrak. Slobodan Milosevic Jugoslaviako lehendakariak –lurralde serbiarren artean lotura bat sortzeko helburuaz Krajinako eta Bosnia-Herzegovinako serbiarrei laguntza militarra emana zena–, babesa kendu zien. Kroaziak atera zion etekina egoera horri Krajinaren kontrola berriz hartuz, eta 1995eko irailean operazio militar handi bat jarri zuen han abian, 300.000 serbiar Krajinatik ihes egitera behartu zituena. ■ Indarren oreka aldatua zelarik, ematen zuen betetzen zirela baldintzak negoziazio berriei heltzeko: Estatu Batuen itzalpean, 1995eko azaroan, Daytongo akordioetan gauzatu zituzten hiru alderdiek bakerako negoziazioak. Parisen izenpetu zuten ituna, abenduan, F. Tudjman kroaziar presidenteak, A. Izebegovic bosniakoak eta S. Milosevic serbiarrak –Bosniako serbiarren ordezkari gisa–; akordio horien arabera Bosnia-Herzegovinako estatu bat sortu zen, bi partez osatua (Bosnia-Herzegovinako Federazioa, kroaziar-musulmana, eta Bosniako Serbiar Errepublika), erakunde komunak zituena (lehendakaritza hirukoitza, Legebiltzarra, Banku Zentrala, etab.), baina parte desberdinek ondoko estatuekin harreman bereziak izan zitzakeena, Serbia eta Kroaziarekin alegia. Daytongo akordioek bakea ekarri zuten, baina luzarora ez dute irtenbiderik ematen eskualde honen egonkortasunari eusteko. Batasunaren eta zatiketaren anbiguotasunarekin jokatuz, atea zabalik geratu da tentsio berriak sor daitezen. ■ Berreraikuntzaren zailtasunak. Dytongo akordioak, bestalde, berreraikunza lan handien hasiera ziren. Izan ere, nazioarteko komunitateak konpromisoa hartu zuen Bosnian 1995-1999 urteetan 5.100 milioi dolarreko inbertsioa egiteko. Estatu Batuek gatazka arautu dute eta egitura juridiko berri bat ekarri dute, baina Europako Batasunarena da batez ere finantzen ardura. Iheslarien itzultzea bultzatzea eta bizitza zibilaren baldintzak ezartzea da helburua. Testuinguru horretan, 1996ko hauteskundeek, zeinetan alderdi nazionalistak izan baitziren garaile, argi utzi zuten ekimen horren zailtasuna. Izan ere, iheslariek ez dirudi asmorik dutenik eraso dituztenek gobernaturiko lurraldeetara itzultzeko. Bestalde, gazteak atzerrira joan dira eta hiri handietan bildu da landaldeko biztanleria. Elite lokal berriak, politiko-mafiosoak, gerran etekin handiak atereak, agertu dira. Horrez gainera, antzinako herri sozialista izatea, trantsizioaren bidean abiatua, da Bosniaren berezitasunetako bat. Hortaz, trantsizio hori berreraikuntza giroan egin behar denez, oso zaila izango da enpresa suntsituen edo alderdi nazionalistek beren esku dituzten enpresen pribatizazioa. Alabaina, nazioarteko komunitateak merkatuko ekonomiarako pasabidea erraztu nahi du. Ikaragarri zaila dirudi horrek, zeren guztiz agerikoak baitira banaketa faktoreak: hiru diru ez bihurgarri dabiltza herrialdearen parte desberdinetan, hiru araudi desberdin, hiru administrazio zentral, koherentziarik gabeko hiru pribatizazio prozesu daude abian, etab. Horrez gainera, alderdi kroaziarra eta bosniakoa laguntza ekonomikoaz baliatu dira, baina Bosniako Serbiar Errepublikak oso laguntza urria izan du. Horren arrazoia da serbiar buruzagiek ez zutela parte hartu nahi izan 1996ko diru emaileen lehen biltzarrean, eta emaileek uko egin ziotela dirua emateari, baldin eta Hagako Nazioarteko Epaitegi Penalarekiko serbiarren lankidetza eraginkorra ez bazen. 1997an eta 1998an, Biljana Plavsic buruzagi bosniar serbiarrari eustea erabaki zuen nazioarteko komunitateak. Izan ere, Plavsic, 1997an Bosniako Serbiar Errepublikako lehendari izendatua, moderatuagoa bide da bere alderdiko beste talde batzuk baino, Paleko Parlamentuan bilduak. Plavsicek Banja Lukan ezarri zuen gobernua, Bosniako Serbiar Errepublikaren hiriburu berrian. 1998ko iraileko hauteskundeen emaitzak harrigarri samarrak izan ziren. Alde batetik positiboa bazirudien ere ordezkari aski moderatuek lehendakaritza hirukoitzan izandako arrakastak –Alija Izetbegovic bosniako edo musulmana, Ante Jelavic kroaziarra eta Zivko Radisic serbiarra–, Nikola Poplasenek (Alderdi Erradikal ultranazionalekoa, eta Jugoslaviako Errepublika Federaleko Vojislav Seseljen gertukoa), Errepublika Serbiarreko lehendakari gisa garaipena lortzeak, oztopo izugarria dirudi Daytongo akordioak aplikaziorako, Poplasenek auzitan jartzen baitu Bosniaren baitako talde desberdinen txertakuntza. ■ 1999an zenbait gertaerak krisi politiko larria eragin zuten serbiar errepublikan: aurrena, Nikola Poplasenek beharturik dimisio ematea, bere Lehen Ministro moderatua, Milorad Dodik, postutik kendu nahi izan zuenean; gero, nazioarteko arbitratze baten iragarpena, Brcko-ko hiri txikiarentzat “distrito neutro” estatusa eskatuz, Bosniako Serbiar Errepublikaren mendebaldearen eta ekialdearen artean jarraipena ziurtatzeko pasabide bat baitago Brcko-n; azkenik, Milorad Dodiken dimisioa, Bosniako serbiarren kontrako erabaki horren kontrako protesta gisa. Mirko Sarovicek hartu du Nikola Poplasenen lekua serbiar erepublikaren lehendakaritzan. ■ Bosnia-Herzegovina, baldintza horietan, oso herrialde ahula da, gerraren ondorioek bizi-bizi dirautena. Berreraikuntza prozesuaren amaiera, 1999rako aurrez ikusia, bigarren proiektu txanda baten abiapuntua zen berez, baina horretarako ez zegoen zehaztua nazioarteko estrategia. Alderdi militarretik, IFORek (1996an SFORek ordezkatua), bakezko aldi bat ekarri du, baina nazioarteko osteen presentzia mugagabe luza daiteke. Hori dela-eta, Bosnia-Herzegovinak protektoratu izaten jarraitzeko arriskua du, ondorioak eta prezioa neurtzen oso zailak diren nazioarteko babespean.