Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Boskovsky, Willi

Austriar musikagilea (Viena, 1909 - Visp, Suitza, 1991). Bederatzi urte zituela Vienako musika Akademian sartu zen eta biolin ikasketak egin zituen. 1926an lortu zuen diploma eta baita Kreisler saria ere. 1932an Vienako Operako orkestran eta Orkestra Filarmonikoan sartu zen. 1935. urtean Vienako Musika akademiako irakasle izendatu zuten. Operako orkestrako eta Filarmonikako Konzertmeister bihurtu zen urte horretan bertan. Biolin bakarlaria izan zen zuzendari ospetsuekin, hala nola, Wilhelm Furtwängler, Karl Böhm edota Herbert von Karajanekin. Baina 1930eko hamarraldian bakarlari gisa hasi zuen karrera uzten joan zen orkestrako eta ganbera musikako lanen mesedetan. Haibat talde osatu zituen: Boskovsky hirukotea (1937), Boskovsky laukotea (1947), Vienako laukote filarmonikoa, eta Vienako zortzikotea (1948-1958). Lili Kraus piano-jotzailearekin bikote bikaina osatzen zuen. Johan Straussen musikarenganako zaletasunak Urte Berriko Vienako kontzertuak zuzentzera bultzatu zuten 1955-1979 urteen bitartean. 1960ko hamarraldiaren hasieran gazte talde bat bildu zuen Vienako Mozart taldea osatzeko. 1969an Johann Straussek berak 1890ean sortu zuen Vienako Johann Strauss Orkestrako zuzendari izan zen. Urte Berriko Vienako kontzertuen ondorioz, ospetsu egin zen mundu osoan orkestra zuzendari gisa, baina Boskovsky biolin-jotzailea zen batez ere. Lili Kraus eta Nikolaus Hübner-ekin egin zituen Mozarten piano, biolin eta biolontxelorako lanen grabazioak balio handiko agiriak dira. Hogeita hamabi urtean, Wiener Philharmoniker-eko harizko tresnen estilo eta sonoritateari eutsi zien, eta haren lana oinarrizkoa izan zen XX. mendeko orkestraren bilakaeran.