Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Boleslaw

Poloniako hainbat erregeren izena.  v  Boleslaw I.a. «Ausarta» (967 - 1025), Poloniako dukea (992 - 1024) eta Poloniako lehen erregea (1024 - 1025), Mieszkoren semea. Lusazia, Bohemia, Moravia eta Eslovakiako zati handi bat menderatu zituen.  v  Boleslaw II.a. «Adoretsua» (1039 - 1081). Poloniako dukea (1058 - 1076) eta Poloniako erregea (1076 - 1079), Casimiro I.aren semea. Eskumikatu eta erregetzatik bota zuten 1079. urtean Estanislao santua hil zuelako. Hungariara erbesteratu zen. Ladislaw bere anaiak hark utzitako lekua bete zuen.  v  Boleslaw III.a, «Aho-okerra» (1086 - 1138). Poloniako dukea (1102 - 1138). Bere mende zeuden estatuak Zbigniew anaiarekin partekatu bazituen ere, hau anaiaren aurka altxatu zen. Boleslaw III.ak anaia hiltzera kondenatu zuen. Boleslaw hil zenean Poloniak garai nahasiak izan zituen, estatuak Boleslawen semeen artean banatu baitziren.  v  Boleslaw IV.a. «Ile-kizkurra» (1125 - 1173). Boleslaw III.aren semea eta Ladislaw II.aren anaia. Aurre egin behar izan zion Frederiko Bizargorri enperadorearen inbasioari. Poloniako dukea izan zen (1146 - 1173).