Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bley, Carla

Estatubatuar jazz musikagilea, piano-jotzailea eta abeslaria (Oakland, Kalifornia, 1938). Abeslari baino gehiago, musikagile eta orkestra zuzendari gisa nabarmendu da Carla Bley. Aita ere musikagilea zuen, eta harekin ikasi zuen pianoa. Oso gazterik familia utzi eta bere partiturak saltzen eta piano club-etan jotzen atera zuen bizimodua. Ondoren New Yorkera joan zen; han zigarroak saltzen zituen jazz areto batean. New Yorken Paul Bley piano-jotzailea ezagutu zuen eta harekin ezkondu zen 1957an. Bere lanak asko gustatu zitzaizkien senarraren lagunei, eta musikari profesional bihurtu zen 1964an. Bere karrera free-jazz joeraren sorrerarekin batera abiatu zen, eta higikunde horretako musikari nagusiekin lan egin zuen, hala nola, Pharoah Sandersekin. Baina berehala bere estiloa sortu zuen, hainbat joera nahasten zituena. Bleyk, europar inpresionistek bezala, esperimentuak egiten ditu masa soinudunekin, eta Ameriketako herri tradizioa baliatu du bere obretan. 1980ko hamarraldian Steve Swallow ezagutu zuen, eta agian horregatik, garai horretan rock musikaren aldera jo zuen. Orkestra handiak zuzentzen jarraitu zuen, baina talde txikiagoekin saioak eginez aldi berean.