Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bilboko portua

Bilbo Handiaren egitura ekonomikoa azken urteotan erabat aldatu bada ere, Bilboko Portuak ez du jasan Bilboko beste hainbat sektore tradizionalek izan duten gainbehera, eta eraberritze bidean murgilduta dago erabat. Jarduerari dagokionez, datu nagusiak ez dira gehiegi aldatu azken urteotan. 1994an, esaterako, 3.481 ontzi hartu zituen, eta aldaketa gutxirekin eutsi dio kopuru horri, 1999an 3.869 ontzitara heldu arte. Portuan higitutako salgai tonei dagokienez, 25.466 izan ziren 1994an, eta 26.030 1999an. Aipagarria da, ordea, 1994tik aurrera Bilboko Portuan edukiontzien trafikoaren etengabeko igoera, urteko hazkunde erritmoa % 10 ingurukoa izan baita. Era berean, azken urteotan areagotu egin da –Bilboren erakargarritasunak eraginda– Bilboko Portuak hartu ohi dituen turismoko itsasontzien kopurua. Aldaketa nagusiak, ordea, portuaren azpiegiturei dagozkie. Bere historian zehar hiritik itsasorainoko bidea egin du Bilboko Portuak, eta apurka-apurka Nerbioi ibarraren ertz urbanizatuetan zituen instalazioak utzi eta horiek guztiak itsasadarrean kokatzen joan da. 1975ean Lucero lurmuturreko barra egin ondoren, 1985ean Kanpoko Abra itxi zen. 1992an handitze plan garrantzitsua hasi zen aurrera eramaten Bilboko Portua. Plan horren arabera, 3,5 milioi m2-ko eremua eskuratu eta 8 km kai berri eraikiko dira. Portuaren zabalpena ezinbestekoa zen Portuak Bilbon bertan –Abandoibarran, esaterako–, zeuzkan zerbitzuak tokiz aldatu eta lursail horiek libratzeko, Portuaren zerbitzuak hobetzeko eta jasaten zuen pilaketa gainditzeko. Zabalpen lanen lehenengo fasea 1998an egin zen, 1,5 m2 eremu eskuratuz eta 800 metroko kai berria eraikiz. 1999ko urrian bigarren kai berri bat egiteko lanak esleitu zituen Bilboko Portuko Agintaritzak 4.700 milioi pezetatan. Aurreikuspenen arabera, 2001. urterako bukatuta beharko luke handitze planean agertzen den bigarren kaiak, 500 metro luzeko porturatze-gunea eta itsasoari irabazitako 25 hektareako lursaila hartzen dituena.