Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bilbo Handia

Bizkaiko eskualde ohia. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri Deuna Elizatea, Galdakao, Getxo, Larrabetzu, Leioa, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Trapagaran, Zamudio, Zaratamo eta Zierbena. Eskualde honek 404 km2ko azalera du 1998ko datuen arabera (Bizkaiaren % 18,2), eta 887.521 biztanle zituen guztira 1997an (Bizkaiaren % 78 eta EAEren % 42). Nahiz eta oso desberdinak izan gauza askotan eskualdea osatzen duten udalerriak eta orobat arazoak eta bizi duten egoera, azken urteotan nolabaiteko bateratasun funtzionala osatu dute ekimen garrantzitsu askori elkarrekin ekinez. Bateratze horretan garrantzi handia izan dute, esate baterako, garraiorako azpiegiturek eta, horien artean, oraindik ere garatzeko bidean dauden errepide sare berriak eta Bilboko Metroak. Eskualdearen egitura ohikorari beste berri bat gehitu zaio gainera azken urteotan, Bilbao Metropoli-30 edo Bilbo Metropolitarra. Esparru horrek muga geografiko eta administratibo argirik ez badu ere, esan liteke Bilbo Handia eta horren inguruko hainbat udalerri hartzen dituela oso-osoan. Bilbo Metropolitarra 44 udalerrik osatzen dute, Nerbioi ibaiaren bi ertzetan kokatuak. Guztira, milioi bat biztanleko gune demografiko eta ekonomiko bateratua osatzen dute udalerri horiek, nahiz eta ez egon hori bere baitan biltzen duen egitura administratiborik. Egun, eremu berri hori da Bilbo Handia eskualdea osatzen duten udalerrien garapen eta etorkizun eszenatoki hurbilenekoa. Alor ekonomikoan, alde izugarriak daude Bilbo Handia osatzen duten udalerrien artean. Laburbildurik esan liteke Ibar Ezkerreko udalerri gehienak batez bestekoaren atzetik dabiltzala oraindik, eta Ibar Eskuinean zein Txorierriko korridorean kokatzen direla aberastasun gehien sortzen duten udalerriak. Irizpide hori, nolanahi ere, ez da erabat zuzena, Txorierriko hainbat herritan aberastasun izugarria sortzen duten balio erantsi handiko enpresa berrietako langileak Bilbo Handiko beste udalerri batzuetan bizi dira-eta. Egoera, gainera, nabarmen aldatu da 1998tik aurrera. Nolanahi ere, 1996an 2.588.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Bizkaikoa 93 izanik, 113an zegoen Durangaldea. Hizkuntzari dagokionez, nahiko orekatuta daude euskara eta gaztelania Durangaldean, nahiz eta oso aldakorra izan egoera udalerri batetik bestera. 1996an, 41.013 euskaldun, 15.662 ia euskaldun eta 31.961 erdaldun bizi ziren eskualdean. Herririk txikienetan euskara bada ere nagusi, biztanleriari dagokionez pisu handia duen Ermuan, esaterako, euskaldunak hala hiru bider dira erdaldunak. Alor ekonomikoan, 1996an 2.110.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Bizkaikoa 93 izanik, 92an zegoen Bilbo Handia, baina, esan bezala, alde izugarriak zeuden udalerri batetik bestera. Emaitza ikusgarriak zituzten zenbaitsuk –esaterako, Zamudiok 695ko indizea erdietsi zuen, eta biztanle bakoitzeko 15.894.000 milioiko Barne Produktu Gordina lortu zuen; aipagarriak dira orobat Sondika (299) eta Loiu (391). Bilbo hiriburua batez bestekoaren gainetik zegoen, baina baziren Ibar Ezkerrean oso azpitik zeuden udalerriak, hala nola Portugalete (54), Santurtzi (56) edota Barakaldo (68). Zerbitzuek osatzen zuten eskualdeko balio erantsiaren zati handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 65, Bizkaiko batez bestekotik gora 5 puntutan. Industriak, oro har, balio erantsiaren % 27 eman zuen, batez bestekoaren azpitik. Aipagarria da garai batean erabat industrial izandako udalerriak (Sestao edo Barakaldo, esaterako) zerbitzuei emanak daudela azken urteotan, eta horietan industriak eragin asko galdu duela urte gutxiren buruan. Nekazaritza, Larrabetzun izan ezik, ia ikustezina da Bilbo Handiaren egitura ekonomikoan. Hizkuntzari dagokionez, gaztelania da nabarmen nagusi Bilbo Handian. 1996an, esaterako, 134.747 euskaldun, 194.940 ia euskaldun eta 544.225 erdaldun bizi ziren eskualde honetan. Larrabetzun, Loiun, Sondikan eta Zamudion dira bakarrik gehiago euskaldunak erdaldunak baino. Hala eta guztiz ere, ia euskaldun portzentaje handiena duen eskualdea da Bilbo Handia. Hau da, euskalduntzen ari direnak euskaldunak baino gehiago dira.