Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

1922. urtean Bilbon sortu zen orkestra. Lehendabiziko kontzertua Arriaga antzokian eman zuen urte hartan bertan, Armand Marsicken zuzendaritzapean. 1993. urtean Theo Alcántara maisua orkestrako zuzendari artistiko aukeratu aurretik, hauek izan ditu zuzendari titularrak: Marsick, Vladimir Golschmann, Jesús Arámbarri, José Limantour, Antoine de Bavier, Rafael Frübeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano eta Urbano Ruiz Laorden. Hauekin batera gonbidatu gisa, Arbós, Pérez Casas, Sorozábal, Argenta, Hans Von Benda, Toldrá, Sir Malcom Sargent, Igor Markevich, E. Halfter, Charles Dutoit, Ros Marbá, García Asensio eta Gilbert Varga bezalako zuzendariak izan ditu. Maurice Ravel, Jesús Guridi, Cristóbal Halfter, Arámbarri, Carmelo Bernaola, Luis de Pablo eta beste musikagile askoren lanak eskaini ditu orkestrak. Sona handiko bakarlariak (José Iturbi, Arturo Rubinstein, Vladimir Horowitz, Fritz Kreisler, Grigor Platigorsky, Rugiero Ricci, Joaquín Achúcarro, Félix Ayo, Nicanor Zabaleta, Maurice André, Narciso Yepes, Boris Belkin eta Jean-Pierre Rampal), abeslariak (Victoria de los Ángeles, Caballé, Kraus, Plácido Domingo, Pavarotti, Mario del Monaco, Carreras) eta abesbatzak (Donostiako Orfeoia, Madrilgo Goi Mailako Kantu Eskolako Abesbatza, Andra Mari Abesbatza, Easo Abesbatza) aritu dira Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin. Besteak beste, Bilbao Orkestra Sinfonikoak zenbait aldiz jardun du Madrilgo Auditorio Nazionalean, Santanderreko Nazioarteko Musikaldian, Donostiako Musika Hamabostaldian eta Parisko Musikaldian ere aritu izan da. 1985. urtetik hona, orkestrak gazteentzako kontzertu didaktikoak egin ohi ditu. Bilboko Orkestra Sinfonikoak hainbat grabazio egin ditu azkeneko urteotan. Beste askoren artean, 1985eko Juan Crisostomo Arriagaren lan ezezagunen grabazioa (Angela Denning sopranoarekin eta Jesús López Cobos zuzendariarekin), eta Madinaren Concierto Vasco para guitarras y orquestaren 1987ko grabazioa azpimarra daitezke.