Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Berrio-Otxoa, Valentín, santua

Bizkaitar misiolari eta martiria (Elorrio, 1827 - Tonkin, Vietnam, 1861). Logroño eta Elorrion filosofia ikasketak egin ondoan, 1853. urtean Toledora joan eta domingotarren ordenan sartu zen. Handik hiru urtera Asiara joan zen misiolari; 1858an Tonkingo misiora iritsi zen, Tu-Duc enperadorea kristautasun kutsua zuen guztia suntsitzeko prest zegoela jakinik ere. Zapalkuntza areagotu zenean Berrio-Otxoak, beste bi misiolarirekin batera ihes egitea lortu arren, 1861. urtean atxilotu, torturatu eta hil egin zituzten. Berrio-Otxoaren gorpua 1885. urtean iritsi zen Elorriora, eta bertako parrokia elizan hilobiratu zuten. Pio X.ak dohatsu egin zuen 1906. urteko maiatzaren 20an, eta 1988ko ekainaren 19an, Joan Paulo II.ak santu egin zuen.