Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Baudelaire, Charles

Frantses idazlea (Paris, 1821 - Paris, 1867). Aita 1827an hilik, haren ama Aupick komandantearekin ezkondu zen ondoko urtean. Charles ez zen sekula ondo etorri militarrarekin. Lionen (1832-1836) eta Parisen (1836-1839) ikasketak egin ondoren, hirian egiten zuen bizitza askea familiarentzat eskandalagarria izan zen, eta aitordeak itsasoan luze bidaiatzera behartu zuen (1841-1842); hala, Antilletaraino iritsi zen eta baita hango munduarekin zaletu ere. Frantziara itzulirik, lehengo bizitza bohemiora itzuli zen berriro (ordukoak dira, 1842, Jeanne Duval «Venus beltza»rekiko harreman liskartsuak), idazle eta artista taldeekin harremanak zituen bitartean. Arte kritikari zorrotz agertu zen Salons (1845, 1846 eta 1859) eta Curiosités esthétiques (1868) izenburupean bilduriko artikuluetan. Halatan, Baudelairek Delacroix-en alde egin zuen, Wagner-en balioa ulertu eta Thomas de Quincey ezagutzera eman zuen. Edgar Allan Poerengan anaia bikia aurkitu zuen: haren itzultzaile bikaina izan zen (1852-1865). Hamabost urtez landu ondoren, 1857an, bere lanik ezagunena argitaratu zuen: Les fleurs du mal poema liburua, berehala aurkako auzia eragin zuena «moral publiko eta ohitura onei egindako irainengatik». 300 liberako isuna ordaindu eta liburuko sei poema kentzera kondenatu zuten, baina poetak etsi beharrean liburua osatzeari ekin zion, halako moldez non 1861eko argitalpenak 35 poema gehiago bildu zuen. Garai hartantxe, 1857tik aurrera, hasi zen Petits poèmes en prose delakoa (edo Le Spleen de Paris) argitaratzen, osoki 1869an argitaratu zena. Ordukoa da, orobat, De Quinceyren eragina ageri duen Les paradis artificiels (1858-1860). Bere lan guztiak nork argitaratu aurkitzeko itxaropenez Belgikara joan zen 1864ko apirilean. Nahi zuena lortu ez izanak etsipen sakona ekarri zion; pairatzen zuen gaitzak ere, sifiliak, arazo larriak sortzen zizkion. Urtebeteko elbarritasuna eta afasia jasan ondoren Parisen hil zen, berrogeita sei urte zituela. Hil ondoren haren Journaux intimes (1909) agertu ziren, bi sailek osatua (Fusées eta Mon coeur mis à nu).  v  Baudelairek XIX. mendeko frantses literatura inarrosten duten elkarren aurkako bi joeren sintesia egin zuen: literatura jarrera etiko baten adierazle gisa hartzen duena eta literaturan estetika hutsa ikusten duena. Baudelairek sinbolismotik surrealismoraino doan poesia modernoaren hastapenak agerrarazi zituen.