Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bareau, André

Frantses filosofoa (Saint-Mandé, 1921). Irakasle izateko ikasketak egiten hasi zen, baina filosofiak erakartzen zuen eta filosofiaren bideari ekin zion. Indiar pentsamenduari buruz zuen interesa zela-eta, sanskrito eta pali hizkuntzak ikasten hasi zen, eta ondoren, txinatarra eta tibetarra. Jean Filliozat eta Paul Demiéville izan zituen irakasle eta haiekiko lotura nabarmen ikus daiteke bere lanetan. Hala ere, Les Conciles bouddhiques (1955) lanean zalantzan jartzen ditu haien iritzi batzuk. Bareau-ek sakon aztertu zituen budismo eskola desberdinen arteko jarrerak. Ikerketa horren erakusgarri da Les Sectes bouddhiques du Petit Véhicle (1955). Bareauren metodo zorrotzari esker, Budaren biografiaren inguruan sortu diren elezaharrak argitu ahal izan dira. Idatzietara ez mugatzearren epigrafista eta arkeologo egin zen, Maisuaren erromasaldien arrastoa jarraitu zuen eta budismoaren geografia bat osatzen saiatu zen. Baina gaixotasunak lan horretan aurrera jarraitzea eragotzi zion. Budismoaren alderdi guztiak ezagutzen zituen, eta dotrinetan ez ezik erlijioaren jarraitzaileengan ere jartzen zuen arreta. Bereziki aztertu zituen Asiako hegoaldeko gaur egungo komunitateak, bai zingaliarrak, bai kanbodiarrak. 1966an Les Religions de l’Inde (3. alea, Indiako erlijioak) idatzi zuen Payot Historia Liburutegirako, eta 1970ean, Pléiaderako Histoire des religions (1. alea, Erlijioen historia). Baina Bareau-ren gai gustukuena Buda bera da, eta hari bi lan eskaini dizkio: Bouddha (1962) eta En suivant Bouddha (1985, Budaren atzetik).