Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

bandalo

iz. eta izond. Etnogr. III. mendean, Vistula eta Oder ibaien artean bizi zen herri germaniarreko kidea. Hasieran hego-ekialde eta mendebalera (Danubio, Main) jo zuten bandaloek, baina 406. urtean, sueboak eta alanoak ondotik eramanez, Rhin ibaia igaro eta Galia zeharkatu ondoren Iberiako Penintsulara sartu eta Andaluzian egokitu ziren. Bisigodoen etsai izaki, Ipar Afrika aldera jo behar izan zuten 429. urtean eta Genserik buru zutela, Numidia (Aljeria Ekialdea), Bizazena eta Proconsularia (Tunisia) itsasertzeko lurraldeak hartu zituzten. Itsasgizon trebeak, Sizilia, Sardinia, Balear Uharteak eta Korsika hartu zituzten baina ez zuten erresuma egonkorrik eratzen. Arrio-ren aldekoak izaki, katolikoen aurka jardun zuten (482-484 urteetan batez ere, Hunerik-en garaian). Barbaroen eta erromatarren arteko lotura eratzeko gauza ez izaki, eta berberiar herri nomaden mehatxupean zeudenez betiere, guztiz ahul zeuden bandaloak Bizantzioko enperadore Justiniano I.aren osteek, Belisario buru zutela, Ipar Afrikako lurralde haiek konkistatu zituztenean.