Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bacon, Roger

Teologo eta filosofo ingelesa (Lichester, Somerset, 1214 - Oxford, 1294). Doctor mirabilis (Doktore miragarria) deitua. Oxforden hasitako ikasketak Parisen jarraitu zituen (1236-1251). Dialektika alde batera utzirik, hainbat esperimentu eta ikerketa zientziazko beste horrenbeste alorretan egin zituen 1247tik aurrera. 1250. urte inguruan frantziskotarren ordenan sartu zen. Eliz agintariek haren irakatsi eta idazkiak debekatu zituzten ustez heresiatzat harturik (1257). Bere lan garrantzitsuenak —Opus majus, Opus minus, Opus tertium (1265-1271)— Klemente IV.a Aita Santuaren babespean egin zituen. 1277an Baconen filosofi eta astrologia tesiak kondenatuak izan ziren, hartarako Alberto Handiaren eta Tomas Akinokoaren aurka jaulkiriko iritziak zirelarik arrazoi nagusia. 1278an preso altxatu zuten eta 1292ra arte kartzelan egon behar izan zuen.  v  Bere garaiko zientzialari aurreratuenetakoa izan zen, eta eskolastikatik aldendu zen lehenetarikoa. Esperimentu bidezko metodoa aldarrikatu zuen metodo gorentzat, matematikak natur zientzien artean izan behar duen lekua bereziki. Akustika eta optika gaiei buruzko liburuak idatzi zituen; ispilu esferikoen fokoa zehaztu zuen; ortzadarra ikertu zuen; Ptolomeoren astronomia sistemaren akatsak azaldu zituen; Julio Zesar-en egutegia erratua zegoela adierazten lehena izan zen. Haren filosofia ideiak direla eta —onartuta dauden ideiak eztabaidatzea, jakitunen iritziak ezezik gertakariak ere kontuan hartu beharra— pentsaera modernoaren aitzindari gisa hartua izan da.