Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bacon, Francis

(Lord Verulam) Politikari eta filosofo ingelesa (Londres, 1561 - Londres, 1626). Zuzenbide ikasketak egin ondoren, Parlamentuko Behe Ganberan diputatu sartu zen (1584) eta Jakue I.aren babespean epaitegiko kargu gorenak beretu zituen; 1621ean Sain-Albans-eko bizkonde izendatu zuten. Urte berean kartzeleratu egin zuten salaketa baten ondorioz eta, erregeak barkamena eman bazion ere, politikatik aparte geratu zen. Azken urteak zientzia eta filosofia lantzen iragan zituen. Lan nagusiak: Moral eta politika saioak (1597); Novum organum scientiarum (1620); De dignitate et augmentis scientiarum (1623); bere lanik garrantzitsuena; Henrike VII.aren historia (1622); Atlantida berria (1627), filosofia eleberria, jakintsuek gobernatu beharreko Hiriaren antolamenduaz diharduen liburua, eta Instauratio Magna (1623), amaitu gabea eta aurreko lan batzuk ere biltzen zituena.  v  Aristotelesengandiko eta eskolastikaren tradizioarekiko loturak eten nahian, Baconek zientzien ordena berritu zuen, eta arimaren beste sailkapen bat proposatu, ahalmenetan oinarritua: historia (oroimena), poesia (irudimena) eta filosofia (arrazoimena). Izadiari buruzko jakintza lortzeko alde batera utzi beharra dago huts guztiak, aurreiritziak, irudi faltsuak (idola). Baconek metodo induktibo eta esperimentaziozko baten oinarriak erakutsi zituen. Hala berezko enpirismoa nola arrazionalismo abstraktua, biak arbuiatuz, gertaeren kausa naturalen ikerketa eta horien formaren zehaztapena da Baconentzat zientzia ezagutza.  v  Baconen pentsamenduari buruz hainbat motatako iritziak eman izan dira: batzuentzat Errenazimentuko azken pentsalaria da eta haren filosofia zientziaren aurrekoa, natur zientzietan matematikak duen garrantzia gutxiesten zuena; beste zenbaitentzat, zientzia modernoaren egiazko aitzindaria da.