Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bacon, Francis

Pintore britainiarra, irlandarra jatorriz (Dublin, 1909 - Madril, 1992). Parisen eta Berlinen ibili zen gaztaroan, eta 1929an Londresa itzuli zen, olio-pinturari bere kasa ekinez. 1944an suntsitu egin zituen bere obra gehienak, arrakastarik ez zuela lortzen ikusirik. Urte horretan ekin zion berriro pintore lanari, oso bestelako oinarriekin, eta Gurutzaketa baten ondoko hiru irudiren azterketa triptikoa izan zen aro berriaren lehenbiziko obra. 1948an MOMAk Baconen obra bat erosi zuen, eta hurrengo urtean hainbat erakusketa egiten hasi zen. Bere obraren zati handia lagunen erretratuak eta bere buruarenak dira: George Dyerren erretratua ispilu batean (1968), adibidez. Ezaguna da Behikiz inguratutako burua (1954) koadroa ere. Amorrua eta izua dira Bacon obran maiz ageri diren sentimendu nagusiak.