Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aurel, Jean

Zinemagile frantsesa, errumaniarra jatorriz (Rasvolitza, Errumania, 1925 - Paris, 1996). Oso gazte zela joan zen Parisera. Goi Mailako Zinema Ikasketetarako Institutu ospetsuan (IDHEC-en) egin zituen ikasketak, eta nouvelle vague frantsesaren sorreran parte hartu zuten kritikari asko ezagutu zituen, François Truffaut haien artean. Askoz ezagunagoa da gidoigile gisa zuzendari gisa baino. Bere lehen lan famatua René Clair-entzat idatzi zuen, Lilen atea (1957). 1960an Ihesa idatzi zuen J. Giovani-ren eleberrian oinarrituta. De l’amour (1965, Maitasunaz) izan zen Aurelek zuzendutako lehen film luzea, Stendhal-en eleberri batean oinarrituta eta Anna Karina eta Michel Piccoli protagonista zituena. Stendhal-en lanen moldaketak izan ziren, era berean, Lamiel (1967) eta Manon 70 (1968). Emakumeak (1969) filmean Brigitte Bardot izan zen protagonista. 1970eko hamarkadatik aurrera zuzendaritza ia erabat utzita, gidoigintzan aritu zen, Truffaut-ekin batera, lankidetza emankorrean. Elkarrekin idatzi zituzten Maitasuna ihesi (1979), La femme d’à côté (1981, Aldameneko emakumea) eta Vivement en dimanche (1983, Igandean biziki). Staline (1985) izan zen bere azken lana, Boris Souvarine-ren testuan oinarritutako sobietar diktadoreari buruzko dokumentala.