Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arnold, Malcom

Britainiar musikagilea (Northampton, 1921 - Norwich, 2006). Gaztetatik garbi erakutsi zuen instrumentista izateko aparteko dohainak zituela, baina beste musikariek ez bezala, pianoa baztertu eta tronpeta aukeratu zuen. Italian ikasketa klasikoak egin ondoren, Londresko Orkestra Filarmonikoan hasi zen tronpeta jotzaile gisa, eta sarritan parte hartu zuen orkestra horren emanaldietan. Lan honekin batera lehen konposizioak egiten ere aritu zen, bere benetako zaletasuna orkestrarako musika sortzea baitzen. Arnolden lanik biribilenetakoa Homage to the Queen balleta izan zen, baina kontzertu aretoetan oso ezagunak egin ziren Eskoziako gai tradizionalak biltzen zituzten Four Scottish Dances musika lanak. Avalanche patrol (1947) dokumentalean izan zuen zinemaren munduan sartzeko lehen aukera. Film honetako musikak harrera ona izan zuen, eta hurrengo urteetan egin zituen soinu banda bikainak zirela-eta (Trapezio filmekoa esaterako, 1956), Arnolden ospeak gora egin zuen. Hala ere David Lean izan zen musikari honekin hobekien moldatu zen zinemagilea: Despota (1954) eta Kwai ibaiko zubia (1957). Azken film honetako musika, batez ere “Bogey Koronela” deritzon martxa militarra, oso ezagun egin zen, eta urte hartako Oscar saria irabazi zuen. Arnolden musika duten beste film ezagunak dira: Haizea ziztu bizian dabilenean (1962); Telemarkeko heroiak (1965) eta David Copperfield (1970). Hauxe izan zen zinemarako egin zuen azken soinu banda, geroztik lan sinfonikoak bakarrik egin baitzituen.