Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Armstrong, Louis

(«Satchmo») Jazz tronpetista eta kantari amerikarra (New Orleans, 1900 - New York, 1971). Bere sorterriko musikalaririk onenetarikoa, Chicagora igaro zen King Oliveren orkestran jotzeko (1922-1924), eta gero New Yorka aldatu zen Fletcher Hendersonen orkestran jotzeko eta Bessie Smithekin grabatzeko. Chicagon berriro bere orkestra eratu zuen (Hot Five, 1925; Hot Seven, 1927). Talde hauekin New Orleans izeneko estiloa goi-mailara eraman zuen, jazz klasikoaren sortzailetzat hartua izanik. Gerora nazioarteko karrera egin zuen: filme eta jazzaldi garrantzitsuenetan esku hartu zuen. Izan duen eraginaren eta utzitako lanaren ondorioz, jazzak eman duen artista garrantzitsuenetakoa da.