Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Appleton, Edward Victor

Britainiako fisikaria (Bradford, 1892 - Edimburgo, 1965). Langile familia batean sortua. Cambridge hiriko St. Jonh’s Collegen egin zituen goi mailako ikasketak eta Cavendish laborategian sartu zen 1920. urtean lanera, lord Rutheforden laguntzaile. Uhin elektromagnetikoei buruzko azterketak egin zituen, eta ikerketa horien ondorioz katedra bat lortu zuen Londresko unibertsitatean. Ionosferaren garaiera zehazten ahalegindu zen, horren geruzetara uhin ultralaburrak jaurtiz. Hori egiten ari zela, Heavisid-ek aurkitu zuen mailaren gainetik beste bat ere bazela ikusi zuen, Appleton izena duena alegia. Radarrean eta irratizko komunikazioetan eragin handia izan zuen aurkikuntza horrek. Filosofia naturala irakatsi zuen Cambridgen, eta industria eta zientzia ikerketarako estatu idazkari izendatu zuten 1936an. Bigarren Mundu Gerran helburu militarretarako erabili zuen erradarra. 1947an Nobel saria lortu zuen ionosferari buruz egin zituen ikerketei esker.