Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antonutti, Omero

Italiar antzezlea (Udine, 1935). Triesteko Arte Dramatikoko Akademian egin zituen ikasketak. Antzerkiko aktore gisa lan egin zuen zenbait urtez, Triesten eta Genovan batik bat. Taviani anaiek eman zioten famatu egiteko aukera, Padre Padrone (1977) filmean aitaren papera eman ziotenean. Garrantzitsuak izan ziren Taviani anaiak bere karreran, eta lehen aipatuaz gainera San Lorentzo gaua (1982), Kaos (1984) filmeko Colloquio con la madre pasartea (Luigi Pirandelloren papera eginez), eta Estatu Batuetan, Good Morning Babilonia (1986) egin zituen haiekin. Espainiar zuzendariekin ere film asko egin ditu, La verdad sobre el caso Savolta (1979) Antonio Drove zuzendariarekin, Víctor Ericeren El sur (1982), Carlos Sauraren El Dorado (1987) Lope de Aguirre ameslariaren papera eginez, Andrés Linaresen Doblones de a ocho (1989), film gaitzetsia eta interesgarria, Pedro Olearen El maestro de esgrima (1992) eta Gracia Querejetaren Una estación de paso (1992). 1990eko hamarkadan ere beste film asko egin ditu, europar zuzendari ospetsuekin nahiz hasiberriekin. Baliabide urrirekin interpretazioaren erregistro aberatsenak ematen dakien antzezlea da.