Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Annunzio, Gabriele D´

Italiar idazlea (Pescara, 1863 - Cargnacco, 1933). Jatorri aristokratikokoa, artista eta ekintza-gizona, bikaintasunaren eta handitasunaren amets ederraren atzetik ibili zen beti, nola bizitzan hala literaturan. Ospea ekarri zioten lehen obra lirikoetan, Primo Vere (1879) eta Canto novo (1882), Carducciren eragina agerikoa izan arren, atsegina eta bizitzeko alaitasun paganoaren gaia azaltzen zuen. Ondoko kontakizun liburuetan, Terra vergine (1883), Libro delle vergini (1884) eta San Pantaleone (1886), Italiako verismoa eta dekadentzi mugimendua lotu zituen. La Chimera (1885-1888), Elegie romane (1887-1891), Odi navale (1891-1893) poema sailetan dekadentismo hori finkatu egin zen. Il piacere (1989), Giovanni Espicopo (1892), L’innocente (1893) eleberriak erotismoaren himnoak dira zinez, erromatar aristokrata ustelduen artean izaniko esperientziak gogora ekartzen dituztenak. Geroago, haren eleberrigintzak Nietzscheren eragina —borondatearen garaitia eta heroismoa— erakusten zuen: Il trionfo della morte (1894), Le vergini delle rocce (1894), Il fuoco (1899). Eragin hori nabaria izango da haren antzerkian ere: Francesca da Rimini (1901), La Figlia di Iorio (1903), Fedra, (1909). Heroismoaren goresmen hori «atsegin basa»rekin batean agertuko dira haren poesi obra nagusia osatzen duten lau liburukietan: Laudi del cielo, del mare, della terra e degli eroi (1902-1912). 1909an haren bizitza pribatuaren eskandaluek eta zorrek hartaraturik, Frantzian babestu behar izan zuen, antzerki lan zenbait frantsesez ondu zituelarik, beraien artean Debussyk musikaturiko Le martyre de Saint Sébastien. 1915ean Italiara itzulirik, abertzale sutsu agertu zen, bai eta Italiak mundu gerran esku hartzearen aldeko ere; gerran parte hartu zuen, eta zauritu egin zuten (1916). Gero, 1919an Fiume hiria hartu zuen bere gudarosteen buru. 1920an Fiume utzi eta Vittoriale-ko egoitzara erretiratu zen. Faxismoaren aitzindari eta aldekoa izanik ere, idazlea erretiraturik bizi izan zen harez gero. Azken aldian bere betiko gai heroiko eta sentsualak erabili zituen: Il venturiere senza ventura (1924), Il compagno dalle occhi senza cigli (1926), Faville del maglio (1924-1928).