Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Annaud, Jean-Jacques

Frantses zinemagilea (Draveil, Essonne, 1943). Urte askoan publizitatearen munduan lan egin ondoren, fama handia hartu zuen 1980ko hamarkadan zinemagile gisa. Kamerunen egon zen soldadu, eta Afrikako kolonialismoari buruz egin zuen lehen filma: La victoire en chantant (1976, gero izena aldatuta, Noir et blanc en couleur) eta atzerriko film onenaren Oscar saria jaso zuen. Gero aurrekontu handiko film asko egin ditu, gehienak literatura lan ezagunetan oinarrituta. 1981eko Suaren bila filmean historiaurreko gizonaren bizimodua marrazten saiatu zen, ikuspegi erdi dokumentala erabiliz. Beste film ezagun batzuk: Umberto Ecoren nobelan oinarritutako Arrosaren izena (1986), Hartza (1988), ikuspegi ekologistaz eginiko filma, Marguerite Durasen nobelan oinarritutako L’Amant (1992) eta Zazpi urte Tibeten (1996). Moldaketa literarioak direla-eta, Europako zinemagile polemikoenetakoa da, aurrekontu handiak erabiltzen dituelako eta bere lanak ingelesez egiten dituelako.