Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anjou

Frantziako mendebaldeko lurralde historikoa, Maine-et-Loire (osotasunean), Mayenne, Sarthe, Indre-et-Loire eta Vienne departamenduetan hedatzen dena. 8.975 km2. Hiriburua, Angers.  v  Historia. Zelta herriek jendeztatua, erromatarrek eta frankoek konkistatu zuten hurrenez hurren. IX. mendean eratu zen Anjouko konderria (870). XII. mendean, Ingalaterrako koroarekiko loturak estutu (Geoffrai V.a Plantagenet Mathilde Ingalaterrako erreginarekin ezkondu zen) eta Normandiako dukerria hartu zuen. Henrike II.a aurrekoen semea Ingalaterrako errege izendatu zuten eta Ingalaterrako koroak Frantziako mendebaldean eta Euskal Herriko iparraldean (Lapurdi eta Zuberoa) zuen eragina guztiz bizkortu zen, Anjou etxeko kondeen bidez betiere. Anjouko II. dinastia sortu zuen Karlos I.ak lurrak zabaldu zituen Proventza (ezkontzaren bidez) eta Napoli erreinura (1266). 1328. urtean Anjouko konderria Frantziako koroak hartu zuen. Jean II.aren garaian berriz ere banandu zen eta Luis I.a haren semeak Anjouko III. dinastia sortu zuen (1360). 1482. urtean, Frantziako koroak hartu zuen betikoz Anjouko konderria, oinordetzan. Ondoren, hainbat printzek eraman zuten Anjouko duke titulua (Henrike III.ak, François Anjoukoak eta Filipe V.a Espainiakoak, besteren artean).