Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anguita, Julio

Espainiar politikaria (Fuengirola, Malaga, 1941). Historia modernoan eta garaikidean lizentziatua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko (OHO) irakaslea izan zen. 1972an Espainiako Alderdi Komunistaren (PCE) kide egin zen. 1979-1986 bitartean Kordobako alkate izan zen, eta bere kudeaketaren zorroztasunagatik eta eraginkortasunagatik nabarmendu zen. 1988an PCEren idazkari nagusi aukeratu zuten eta 1992an, Ezker Batuaren III. Batzarrean, koalizioaren koordinatzaile. Batzar horretan agerian gelditu ziren sektore ofizialistaren eta berritzailearen arteko desadostasunak, berritzailea EB alderdi politiko bihurtu eta PSOErekin hitzarmenak egitearen alde agertu baitzen. 1993an gobernuko lehendakaritzarako hautagai aukeratua izan zen eta Madrilgo Kongresurako aurkeztu zen zerrendan lehena. Hauteskunde kanpaina horretan bihotzekoak eman zion eta eten egin behar izan zuen kanpaina. Diputatu atera zen Madrildik. 1994an, EBren IV. kongresuan aho batez aukeratu zuten berriro ere koordinatzaile nagusi. 1995ean PCEren idazkari nagusi izendatu zuten. 1998an utzi zuen kargu hori, eta Francisco Frutosek hartu zuen bere lekua. 2000ko EBren kongresuan Llamazares aukeratu zuten Julio Anguitaren ondorengo.