Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alzola Gerediaga, Nikolas

Euskal idazlea (Izurtza, 1922 - Irun, 1983). La Salleko anaia, erlijioan Valentín de Berrio-Otxoa izena hartu zuen. Euskaltzain urgazlea (1957). Erreseina bibliografiko eta biografikoetan espezializatua. Literatura ere landu zuen, arteari buruzko saioak, ipuinak eta poesiak onduz. Goitizen ugari erabili zuen, hala nola, «N. de Cortázar», «Bitaño», «Markue», «Ozerín Jauregi», «Altzarte», etab. Langile porrokatua, bere garaiko euskal aldizkari guztietan argitaratu zuen, hitz lauz eta bertsoz, «Egan»go lanak nabarmentzekoak direlarik. Erdaraz ere agerkari anitzetan esku hartu zuen: «La Gran Enciclopedia Vasca», Madrilgo «Tradiciones populares», Bartzelonako «Indice Histórico Español», Gotingako «Fabula», «Boletín de la R.S.B. de Amigos del País», etab. 1966an Cien autores vascos obra argitaratu zuen; 1967an, Atalak eman zuen argitara, eta haren ondoan, Bigarren Atalak (1972), eta Hirugarren atalak (1978) ere etorri ziren. Halaber, hiru ipuin libururen egilea da.