Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Altman, Sidney

Kanadar kimikaria (Montréal, Québec, 1939 - 1989). Kimikako Nobel saria jaso zuen 1989an Thomas R. Cechekin batera. Mende hasierako dogma zientifiko bat hankaz gora bota zuten aurkikuntza egin zuten: jarduera entzimatikoa ez dagokie soilik proteinei, informazio genetikoaren eramaile pasibotzat jotzen zen RNAk ere entzima gisa funtziona baitezake. Aurkikuntza horrek eremu berriak zabaldu zizkion ikerketari, eta zelularen funtzionamenduaren eta bizitzaren hasieraren inguruko teoria zaharrak berrikusi beharra ekarri zuen. 1978an, Altmanek eta bere taldekoek osagai proteiko batez eta RNAz osaturiko P. ribonukleasa bakterianoari RNA kenduz gero bere gaitasun katalitikoa galtzen zuela aurkitu zuten, eta 1983an, berriz, baldintza jakin batzuetan RNA, bera bakarrik, funtzio katalitikoa betetzeko gai zela. Harrezkero erreakzio katalitiko garrantzitsuetan parte hartzen duten RNAren 100 molekula inguru aurkitu dituzte zientzialariek, eta erribozina izena eman zaie. Erribozinak aurkitu zirenetik hau argitu nahi da: molekula horiek izan ote ziren lur gainean bizitza ahalbidetu zutenak, informazio genetikoa gordetzeaz gainera erreakzio kimikoak eragiten baitituzte.