Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alonso, Dámaso

Espainiar filologo eta poeta (Madril, 1898 - 1990). Menéndez Pidalen ikasle eta lankidea. Hizkuntza eta Literatura espainiarrak irakatsi ditu Espainia, Alemania, Ingalaterra eta Estatu Batuetako unibertsitateetan. Real Academia Españolako zuzendaria 1968tik 1982ra.  v  Ikertzaile eta kritikari gisa, garrantzi handiko lana egin du hala hizkuntzalaritzan nola literaturaren alorrean. Berari zor zaio poesia barroko espainiarrari buruzko ikusmolde berria: Temas gongorinos (1927), La lengua poética de Góngora (1950), etab. Herri poesia ere D. Alonsoren aztergaia izan da. Halaber, Amado Alonsorekin batera, literatura estilistika Espainiako literatura ikerketan sartu zuen.  v  Poesiaren alorrean, 27ko Belaunaldiko olerkari taldean kokatzen da. Bi aldi bereizten dira haren olerkigintzan. Lehenean, poesia hutsa landu zuen, Juan Ramón Jiménez eta modernisten eragina agertzen zuena: Poemas puros, poemillas de la ciudad (1921), El viento y el verso (1924). Bigarrenean, Oscura noticia (1944) liburuarekin hasia, gerraondoko espainiar literaturaren funtsezko obra sortu zuen: Hijos de la ira (1944). Berak «poesia deserrotua» deitzen zuena existentziala da, «mundua kaosa eta atsekabea da, eta poesia, ordena eta ainguraren bilaketa amorratua». Hijos de la ira, bestalde, ankerkeria, injustizia, gorroto eta zuzengabekeriaren aurkako protesta oihua da. Gozos de la vista izenburukoa ere garai hartakoa da. Gerora, beste zenbait obra idatzi zituen: Hombre y Dios (1956), Duda y amor sobre el Ser Supremo (1985), etab.