Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alonso, Odón

Espainiar orkestra zuzendaria (La Bañeza, León, 1925). Madrilgo Kontserbatorioan musika ikasketak egitearekin batera, Filosofia eta Letretako karrera egin zuen unibertsitatean. Gero Sienan eta Vienan jarraitu zituen musika ikasketak. 1952an hasi zen zuzendari lanetan Solistas de Madrid, antzinako musikan espezializaturiko taldearekin. 1956an Zarzuelako Antzokia berriro zabaldu zenean, bertako zuzendari izendatu zuten. 1968an Espainiako Irrati-telebistako Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritza eman zioten. Aldi berean, Madrileko eta Bartzelonako opera sasoietan bera izan ohi zen gehienetan zuzendari. Gaur egun Puerto Ricoko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da, orkestra askotatik deitzen badiote ere, zuzendari gonbidatu gisa aritzeko (Vienako Volksoper, New Yorkeko City Center,…). Bere errepertorioan barrokoko oratorioak (Monteverdiren Vespro della beata Vergine, Händelen Teodora), erromantizismoko sinfoniak eta eszena musika aurki daitezke. Musikariekin komunikatzeko duen gaitasuna dela-eta, berak zuzentzen dituen interpretazioak koherentzia eta musikaltasun handikoak dira.