Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alfontso XIIIa

Espainiako erregea (Madril, 1886 - Erroma,1941). 1902-1931 bitartean izan zen errege. Alfontso XII.aren hilondoko semea, erregetu bitartean bere ama Maria Cristina Habsburgo-Lorrenakoa izan zen erregeorde. Adin txikia bitartean, Espainiak Kuba, Puerto Rico eta Filipinetako Uharteak galdu zituen, iparramerikarren esku-hartzeak erabaki zituen askatasun gerren ondorioz (1898). Espainiaren Inperioa bukatua zen. Bi urte geroago, aldiz, Mendebaldeko Afrikako zati bat hartu zuen Espainiak (Muni), Marokora hedatuko zen kolonizazioari ekinez. 1902. urtean koroatu zen eta 1906an ezkondu zen Victoria de Battenberg ingeles aristokratarekin. Atentatu bat izan zuen erregearen jarraigoak egun hartan (erregeak izan zuen bigarrena, bietatik zauririk gabe irten zen). 1912ko frantses-espainiar itunak Marokoko egoera argitu bazuen ere, ahalegin militar eta ekonomiko bereziak eskatu zizkion Espainiako estatuari, egokitu zitzaien alderdiko erresistentzia askoz ere indartsuagoa izan baitzen. Lehen Mundu Gerran Espainia neutral izan zelarik, ekonomia espainiarra arras bizkortu zen, gerran zeuden herrien merkatu berriak zabaldu egin baitzitzaizkion. Sistema politikoak, alabaina, porrot egin zuen: burgesiaren alderdi dinastikoak ahuldu, ezkerreko alderdi sozialista eta sindikatuak (CNT eta UGT) hazi eta gorpuztu eta Euskal Herriko nahiz Kataluniako higikunde abertzaleak sendotu ziren. Primo de Rivera jeneralaren diktaduraz (1923-1930), zapalketa berria nagusitu zen. 1927an bukatu zen Marokoko gerra eta, 1930. urtean, Primo de Rivera erretiratu eta alderdi guztiak berriz ere plazaraturik, Alfontso XIII.a bakar samar gelditu zen nagusi ziren errepublikaren aldeko indarren aurrean. 1931ko apirilaren 12ko Udal Hauteskundeek egoera hau berretsi baizik ez zuten egin eta Alfontso XIII.ak abdikatu egin zuen, errepublikari bide emanez (1931ko apirilaren 14a). Hauteskunde demokratikoak errespetatu behar zirela adierazi bazuen ere, Francok 1936ko uztailaren 18an hasi zuen altxamendu faxistaren alde agertu zen, erbesteraturik zegoela Erroman. Gerra baino lehen, Joan bere semea izendatu zuen Espainiako Koroaren ondorengo. Erroman hil zen (1941). Joan Karlos I.a Espainiako erregea haren biloba da.