Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

al Gazzali,

Abu Hamid ibn Muhammad. Teologo eta filosofo mahomatarra (Gazala, Tus inguruan, Jurasan, 1058 - Gazala 1111). Gaztetan Nisapurren ikasi zuen eta gero Bagdad hirira abiatu zen. Han irakasle egon zen garaian, idazki juridikoak eta polemikoak plazaratu zituen. Bertan ekin zion aristotelismo islamiarraren ikerketa kritikoari, gehienbat al-Farabi eta Ibn Sinaren (Abizenaren) pentsamendua aztertuz. Bi obra dira kritika horren emaitzak: Maqasid al-fasalifa (Filosofoen asmoak) eta Tahafut al-fasalifa (Filosofoen inkoherentzia). Beraietan bere erabateko eszeptizismoa adierazten du ziurtasuna arrazoiaren bidez lortzearen auzian; kausalitatearen oinarria ukatzen du, bai eta Jainkoaren izatea frogatzeko ahalbidea ere, goi-agerkunde eta barne-esperientzia mistikoaz landara. 36 urte inguru zuelarik, bere autobiografian (Al-munqid min al-dalal, Errakuntza eta berrerospena) deskribatzen duen krisi sakona jasan zuen, eta alde egin zuen bere herritik. Krisia gainditurik, bere herrira itzuli zen eta, zenbait urtez Nisapurren irakatsi zuen. Sorterrian bururatu zuen bere obra nagusia, Ihya ulum al-din (Erliojio zientzien biziberritzea), zientzia eta fede mahomatarrak ezagutzeko dokumentu garrantzitsuenetako bat. Algazelen erlijiozko dotrina funtsezkoa izan zen islamaren bilakaeran.