Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

akaiar

iz. eta izlag. (Gr. akhaioi) Grezian finkatu ziren lehen herri indoeuroparretako bat (K.a. 1800). Arkhaios zuten aitagoi mitikoa. Iparraldetik zetozen eta beren ekarpen nagusiak brontzezko armak eta zaldia izan ziren. Argolidan egokiturik, bertan eraiki zituzten hiri nagusiak: Mizenas, Argos, Tirinto eta Pylos. Akaiarren lurraldearen mugak ez dira, ordea, hain zehatz agertzen. Homerok akaiar deitzen die Troiako gerran gudukatu ziren greziar guztiei. Zibilizazio mizenikoa K.a. 1580tik aurrera garatu zen eta Knossos suntsitu ondoren (K.a. 1400-1200) izan zuen bere gorena. Zibilizazio horrek alde handiak zituen Homeroren obretako munduarekin alderatuz gero, erakundeei dagokienez nagusiki. Akaiarrek, itsas gizon trebeak izaki, harremanak izan zituzten Kreta, Egipto eta Ziprerekin. Doriarren inbasioak (K.a. XII. m.) Ipar Peloponesora ihes eragin zien babes bila. Beste batzuek Asia Txikia eta Ziprerako bidea hartu zuten.