Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Akaiev, Askar

Kirgizistandar politikaria (Kizil-Bairak, 1944). Fisika ikasketak egin eta 20 urte igaro zituen garai hartako Leningraden (gaur egungo San Petersburgo), Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean (SESB). 1981ean Alderdi Komunistan sartu eta 1984an SESBeko zientzia akademiako kide bilakatu zen. 1989an Kirgizistango zientzia akademiako lehendakari hautatu zuten, eta 1991n Sobiet Goreneko erreforma ekonomikoari buruzko batzordekide. Akaiev bi aldiz aukeratu dute Kirgizistango lehendakari: lehenik, errepublika horretako legebiltzarrak hautatu zuen 1990ean, eta herritarrek euren botoez hurrena, 1991ko hauteskundeak irabazi zituenean. Garai batean sobietar errepublika izandako Kirgizistan herrialde independentea bilakatu zen 1991n, eta Akaiev izan zen Kirgizistango lehen lehendakaria. Kirgizistan merkatu ekonomiarantz bideratutako estatu modernoa bilakatzen saiatu da Akaiev, eta bere diru propioa, som delakoa, lortu duen Asia erdiko lehen errepublika ere bihurtu da Kirgizistan. Ahalegindu zen, halaber, kirgizistandarren eta gutxiengo etniko batzuen arteko tirabirak baretzen, baina errusiar askok eta beste gutxiengo batzuek alde egin zuten Kirgizistandik 1990eko hamarkadaren hasieran. Lehendakariaren botereak murriztea lortu bazuten ere Akaieven eta haren aldaketa ekonomikoen aurkakoek, Akaievek erreferendumen bidez bere lehendakaritza berrindartu zuen, eta 1996an lehen Sobietar Batasunekoak eta orain Estatu Independenteen Erkidegoko (EIE) kide diren lau herrialderen artean (Errusia, Kazakhstan, Bielorrusia eta Kirgizistan) loturak sendotzeko hitzarmena sinatu zuen herrialde horietako lehendakariekin.