Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kulturaren Euskal Planaren garapena. 2004-2005

Hasiera-hasieratik, eta Planaren oinarri gisa, metodo parte hartzailea hautatu zen. Era askotako lantaldeak izan dira -Euskal Herriko gizarte eragileak eta eragile pribatuak eta EAEko eragile publikoak eta erakundeak- lehen diagnostikoak lantzen eta etorkizuneko jarduera-ildoak hautematen erantzukizun handiena izan dutenak.

Metodologia horrek guztiz blaitu zuen Batzorde Iraunkorraren egitekoa, elementu komunen hautaketa eta hobekuntzarako ia zuzenketa guztiak onartzeko jarrera irekia uztartzen zituela, testua alde guztietatik kolektiboa izan zedin. Horrek heldutasun prozesu bat islatzen du. Lanari kokaleku ezagun batetik abiatuta ekin ondoren, beste posizio batzuk entzun eta ezagutu ziren eta Kulturaren Euskal Kontseiluan aurkitzen diren sentsibilitate guztiekin identifikatzen diren posizioak formulatzeko gai izan zen. Horrela ulertzen da Kontseiluak aho batez sustengatu izana, horrek posizio partikularrak ukatzen ez baditu ere.

Metodologiak, bada, abantaila ugari zituen.

Abantailarik handiena kultura sortzen duten edo alor horretan parte hartzen duten eragile askotarikoek jardueren barru-barrutik ekarri duten ezagutza izan da. Horrek konpromisoa eta interesa eragin ditu gai estrategikoetan, eta ez gai jakin batzuetan bakarrik entzunak eta aintzakotzat hartuak izatea, baita ere administrazioak bestela lortuko ez lukeen informazio aski baliotsua eskura izateko eta ulertzeko moduen trukaketa sustatzeko; horrenbestez esan liteke emaitza, neurri handi batean, adierazgarria dela.

Gainera, etorkizunari begira, ezagutza partekatu hori, kultura komun hori, oinarri sortzailea da berez, eta horrek eragileek erronkei modu bertsuan, lankidetza landuz, aurre egin diezaien lagunduko du, ulerturik sortzaile denaren ekonomian, etorkizuna irudikatzea eta hura posible egitea batera doazela.

Ondoren, eta bildutakoa oinarri harturik, administrazioek, konpromisoak bete eta finantzatu behar dituztenak izanik, beren ikuspegiek eta aurrekontuek eskaintzen dituzten baliabideen aurreikuspenak eman dituzte.

Diagnostikoetan -ez jardueretan- ekarpen kritikoenak ere errespetatzeko joera gorde da -horrek ez du esan nahi ezinbestean ekarpenarekin ados egon behar denik-, eragileen aurrean Planaren egiazkotasuna babestearren eta haiek oro har Plana onar dezaten. Dena den, Plana laburtu eta orokortu behar izan da, eta horrek, ezinbestean, hautatzea, azterketa bakoitzari edo sektoreko jarduera-ildorako proposamen bakoitzari muina ateratzea eskatzen du. Nahitaez, lagungarriak ez diren adierazpenak edo errepikapenak ezabatu egin dira. Proposamen operatiboen alorrean, behar adina landu gabekoak edo adostasun maila handiagoa eskatzen dutenak ez dira jarduera-ildo bihurtu; nolanahi ere, horiek erabat ez baztertzearren, oroitzapen gisa "etorkizunean garatzeko proposamenak" bezala definitu dira.