Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kulturaren Euskal Planaren garapena. 2004-2005

Planak kontzeptu eta gaikako sarrera bat du, diagnostiko orokor batzuk eta ardatz estrategikoei buruzko epe luzeko hausnarketa. Hausnarketa horretatik abiatuta, oso epe luzeko jarduera-ildoak proposatzen dira, batetik, eta lau urterako ildo eta jarduera plana, bestetik. Planak, hala, segidako kapitulu hauek ditu.

Lehen kapituluak kontzeptuen esparrua xedatzen du, 2003ko maiatzeko "aurretiko dokumentu markoa"ren gai orokorrei berriro lotzen zaie sarrera moduan; gai horietan areago sakontzen du ordea, sektoreko arazoak hobeto zehazteko. Izan ere, okerra da euskal kultura aztertutako sektoreetan bakarrik dagoela pentsatzea. Zalantzarik gabe, horiek kultur jarduerak egituratzen dituzte, baina ez kulturaren dimentsio guztiak. Planak jorratuko dituen egiturazko arazoak ezin dira alde batera utzi. Euskal kulturaren arazo orokorrak dagokien testuinguruan jarri behar ziren, identitatearen arazoari buruzko eztabaida eta ulertzeko erak zabaldu eta bultzatu, edo euskal kulturaren kontzeptuari buruzkoa, edo euskal kulturaren gaineko pertzepzioei zein hura gatazka politikoetatik gordetzeko premiari edo gaur egungo mundu globalizatuan kokatzeko moduari buruzkoa.

Horrekin zenbait baliza ezarri nahi ziren testuinguru gisa, baina baita Planak dituen mugak agertu ere. Esate baterako, ez du sartu behar Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren alorrean, baina bai, aldiz, kulturaren sektore eta esparru bakoitzean euskarak duen presentzian. Halaber, ez da ahaztu behar Euskal Herriko zati batean bakarrik izan daitekeela erabat eraginkorra.

Alabaina, eta gai horiek labainak direla kontuan izanik, sarrerako hausnarketa hori bide-erakuslea baino ez dela adierazi behar da, bultzatzeko, sentsibilitate desberdinak hurbiltzeko saiakera bat, lanerako dokumentu hutsa; beraz, ez du, inondik ere, agindu izaerarik, eta ez du jarrera komunik edo erabakirik agertzen, alderdi horiek hurrengo kapituluetan garatuko direlarik.

Bigarren kapituluak diagnostikoak eskaintzen ditu, bai euskal kulturari buruzko orokorra bai kultura hori mugatzeko proposatu diren hiru eremuei buruzkoak: ondarea, arteak eta kultur industriak. Diagnostikoak egiteko, lehenik sektore bakoitzean azterlan bana egin da, gero horiek azpisektoretan trinkotu dira, horretarako balio-katea zein gizarte esparrua eta orain arte eragile publikoek garatu dituzten politikak aztertuz. Sektorekako diagnostiko zehatz horiek, hala nola euskara edo kultura digitalari buruz zeharka egin direnak, web-ean ageri dira eta oso baliagarriak dira.

Hirugarren kapituluan, handiena eta mamitsuena, Kulturaren Plana zehatz-mehatz azaltzen da, oinarrietatik abiatuta: betekizuna, erronkak, lehentasunezko helburuak eta irizpideak. Plana bideragarri egin dezakeen antolaketa sistema azaltzen da eta ardatz estrategikoak, jarduera-ildoak eta jarduerak aipatzen dira, martxan jartzeko egutegiarekin batera.

Laugarren kapituluan planaren betekizuna bermatuko duten segimendu eta ebaluazio tresnak aurkezten dira.

Azken kapituluan jarraitu den metodologia azaltzen da. Plana egitea esperientzia parte hartzailea da berez, oso emankorra, eta beste egoera eta eremu batzuetan ere baliagarria gerta daiteke.

Eranskinean taldeetan parte hartu duten pertsonen zerrenda jaso da, argi eta garbi izanik beren lankidetzak ez dituela azken emaitzarekin konprometitzen.