2006ko Gure Artea Sariak
Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua
Aurrekoa - Orrialde 11. Guztira 12 - Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf,45,20 kB)
XI
Aitor Ortizen irrealtasun ametsezkoaren kontrastean azaltzen zaizkigu Juan Perez Agirregoikoaren lana. Errealitate zuzenari eta egunerokotasunari lotuta dago Juan Perez. Akuarelaren teknika sotilaren eta dotorearen bidez, lan batzuetan gogorrak, askotan barregarriak eta noizean behin garratzak pintatzen ditu. Umorea tresna egokia da gaur egungo gizarteari buruz hausnartzeko. Gure kontraesan politiko eta sozialak azaltzen dituzten gaiak talka egiten dute lan egiteko moduarekin. Urmargoak azkartasuna eta askatasuna lantzeko erabili izan dira eta emaitza estetiko ederra espero dugu horrelako teknikaren eskutik. Horren ordez marrazki ezerosoak ikusten ditugu, gure egunerokotasun estitizatuan enbarazu egiten duten gaiak: hildako emigranteak, terrorismoaren bonbak, erlijioaren, kirolaren eta politikaren gezurrak eta hipokrisia, hedabideen indarra, eta abar.
Hain zuzen hedabideak dira Juan Perezen irudi askoren abiapuntua. Egunkarietan argitaratzen diren argazkiak hartzen ditu gero koloreztatzeko eta iruzkinak jartzeko. Baina orokorrean hedabideen estrategiak interesgarriak egiten zaizkio Juani eta eraldatu egiten ditu edo agerian jartzen ditu. Horrekin lotuta dago pankarten erabilpena. Eskaera sozialak edo politikoak zabaltzeko erabili ohi diren tresnak esaldi absurdoz betetzen ditu gure kontraesanetan harrapatzeko eta aldarrikapen kolektiboa izan behar zuena esaldi subjektiboa bezain sinplea bihurtzen da, nahiz eta izugarrizko garrantzia izan. Azalekoa dirudiena egia borobila bihurtzen da Juan Perezen pankartetan eta kolorez idatzitako paperetan.
Open 24 hours (Zabalik 24 ordu) Txuspo Poyoren egunerokoa da. Ameriketako Estatu Batuetako lehendakariaren hauteskundetan egindako egunerokoa da hain zuzen. Artista New Yorken zegoen bitartean Espainiako egunkari batek hauteskundetako berriak nola ematen zituen aztertu nahi zuen, bai esaten zena, bai irudien bidez ikus zitekeena. Informazioaren erabilpena eta norberaren gain duen eragina erakusten digute marrazki hauek. Txuspo Poyok ondo ezagutzen zuen Espainiako egunkarian argitaratzen zen gaia Estatu Batuetan bizi zelako, eta horrek, iruzkinak egitera bultzatzen zituen. Egunkariaren orriaren gainean berrian azaltzen den testuak eta argazkiak ematen dion informazioa osatzen du bere esperientziaren bidez. Egunkaria eta artistaren egunerokoak kontraste handia egiten du eta bide batez informazioaren iturriei buruz eta fidagarritasunari buruz hausnarketa egitera bultzatzen digu. Inprimatutako hizkiak eta argazkiak informazio objektiboa izan behar dute eta eskuz idatzitako eta marraztutakoa berriz norbaiten burutazioak egindako iritzi subjektiboa; eta alderantziz balitz?
Ambientes hostiles (Giro arrotza) ezberdina da teknikan baina ez oso ezberdina asmoetan. 3 dimentsiotan egindako animazioa kontrastez beteta dago, marrazki bizidunen xalotasuna du, baina gai gogorra dela konturatzen gara dituen irudiak eta entzuten ditugun hitzei kasu eginez gero. Gauza arruntak esanahi berezia har dezake marrazki bizidunetan. Mailua eta iltzea objektu bat besterik ez dira, lanabesak zerbait egiteko, baina bizitza hartu ondoren esanahia zabaldu diezaiokegu eta menperatzaile eta menperatua bihurtu daitezke, edo zerbait eraikitzeko elkartu diren lagun bikotea. Anbiguotasun horretan dabil Txusporen bideoa. Filmetan erabiltzen diren baliabideak erabiltzen ditu, adibidez kamara moteltzea edo narrazioaren suspensea, tentsioa, elipsea. Bestalde teknologia digitala errealtasuna emateko erabiltzen du askotan, adibidez ehundurak azaltzea asko interesatzen zaio, baina guztia birtualitatearen barruan. Organikoa eta ez organikoa ere erabiltzen ditu, naturalak diren gauzak edo bizirik daudenaren itxura egiten duten iltzeak, espazio zeharo artifiziala denaren kontra jartzen ditu. Horrela izenburuak dion giro arrotza lortzen du eta nola ez gure ingurura ekartzeko tentazioa ematen digu, unibertsalizatzen dugun aldi berean.