2006ko Gure Artea Sariak
Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua
Aurrekoa - Orrialde 10. Guztira 12 - Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf,45,20 kB)
X
Erakusketan dagoen Zutabeak izeneko lanean jakina denaz konturatzeko bultzada ematen digu sotiltasun izugarriarekin gainera. Kolore ezak eta formak sortzen duten argiaren bidez, arkitektura, eskultura eta pinturaren artean dagoen zerbaiten aurrean gaudela pentsarazten digu. Modu batera edo bestera Dan Flavinen fluoreszenteen moduko lana dela iruditzen zait, kolorez, argiz eta formaz osatutako espazioa (pintura?).
Sinpletasunaren eraginkortasuna da Mikel Louvelliren bideotan nabarmendu dezakeguna. Erortzen ari diren harriak edo eraikuntzak, beste ezer ez da gertatzen bideo horietan, baina horixe bakarrik dago irudien atzean?
Izan daiteke. Gaur egungo arteak eguneroko gauzen aurrean edo arruntak diren gertakizunen aurreko erakargarritasunaren aldeko joera handia izan du. Horregatik harrien euria azaltzen duen animazio bideoa horretan gera daitekeela uste dut, nahiz eta irakurketa ezberdinak eman.
Gauza bera gertatzen da egurrez eraikitako etxe forma duten egituren erortzearekin. Guztiok izan dugun erakargarritasuna azaltzen digu, baina suntsipena edo katastrofearen irudi bihurtu dezakegu, porrotaren metafora ez denean.
Gainera bietan ikus-entzunezkotan oinarrizkoa den zerbait aztertzen duela iruditzen zait, denbora alegia. Harriak eta egurrezko egiturak erortzen filmatzeak denboraren pertzepzioan errazten du eta ekintza behin eta berriz errepikatzeak ñabarduretan konturatzeko laguntzen gaitu.
Uberbau izeneko lanak Asier Mendizabalen urtetako kezkak azaltzen dizkigu: gizarte egiturak, boterearen eta hiritarraren arteko harremanak, identitatearen kontraesanak, boterearen biolentziaren erabilpena, eta abar. Oraingo honetan egunaren banaketa hirukoitzaren gaineko hausnarketa egiten du. 8 ordu lo, 8 ordu lan eta beste 8 aisialdirako erabili behar omen dira. Utopia politiko sozialak eta jarraitu dituzten bideak Asierren kezka dira. Horregatik kartela, eskuorriak edo pankartak azaltzen dira bere instalazio askotan. Ideiak gizartean zabaltzeko izan dituzten bideak artearen zabalbideekin batera parekatzen ditu eta dokumentalismoa eta artearen arteko lanak erakargarriak dira Asier Mendizabalentzat.
Modular argazki seriearen ondoren Muros de luz (Argidun hormak edo Argiaren hormak) izeneko honetan Aitor Ortiz eskulturara hurbiltzen da berriz ere Destructurasen egin zuen bezala. Arkitektura eta eskulturaren arteko irudiak ikusten ditugu, harrobi bateko hutsunetan sortutako argizko zulotan eta horrek eskulturaren formetara eta ehunduretara hurbiltzen gaituzte, guztia efektu piktoriko batekin. Horregatik aurreko bi lanen sintesi moduan ikusten dut Muros de luz delako argazki sorta hau. Formen aurreko interesa, baina Modularren ikusitako arkitektura eta ehunduren gaineko hurbilketa piktorikoa. Azken emaitza edertasun izugarria duen irudia da. Asmatutako irudiak dira, existitzen ez duten espazioak irudi ia abstraktuak bihurtzen zaizkigu, errealitatea eta irudimenaren arteko nahasketa ederra lortu du Aitor Ortizek argazki hauetan.
Zaila da eskultore batzuen lanen erreferentzia baztertzea, adibidez Txillidaren alabastroak edo Michelangelo beraren materialaren gaineko erakargarritasuna. Horregatik irudi mistiko xamarrak dira argazkietan ikusten ditugun argitutako hutsuneak, Michelangelok berak harrobian ikusten zituen harri aproposen antza hartzen dute. Kontzeptuak argia izango balu bezala.
Egitura handi eta monumentalak gizakiaren presentzia ukatzen dute. Ez dakigu non dagoen eta nolakoa den eskenatoki hori sortu duen gizakia, gizakiak egindakoa bada behintzat.