Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2006ko Gure Artea Sariak

Beste edizioak

 


Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua


Aurrekoa - Orrialde 9. Guztira 12 -  Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf,45,20 kB)




 

IX

Hain zuzen, Altmanen filmean bezala, pertsonaien bizitzak gurutzatu egiten dira harremana izan gabe batzutan edo harreman ezberdinak izateko bestetan. Gurutzadurak ia automatikoak dira, giza borondateak erabaki gabekoak eta hiriaren espazioak bultzatuta egongo balira bezala. Azkenean Aitorren sareak gizakiaren bakartasunari buruz edo halabeharrari buruz hitz egiten dutela dirudi, gizakiak bakarrik azaltzen dira betetzen duten koadrotxoetan eta besteekin harremana izateko bide bakarra pintatutako lerroa da, baina lerro horrek nolako harremana ez du adierazten.

Abigail Lazkozen marrazkiak gure bizitzari buruz hitz egiten dizkigute. Gure bizitzaren logika eta ez logikari buruz, horregatik egonezin pixka bat eragiten dizkigute. Ipuinen ilustrazio forma batzuetan edo oraingo honetan bezala irudi handi moduan, gure begien aurrean jartzen dizkigun irudiak ispilu efektua egiten dute. Gizaki moduan egiten ditugun gauzak hausnartzeko modukoak dira eta askotan ez dugu horrelakorik egiten, ondoriok kontuan hartu gabe

Artistak asmatutako forma berezien bidez gure ingurua ezagutzeko aukera ematen digu, hausnartzeko eta ia ikuslea iritzia ematera bultzatzen du. Ezin da aldeko edo kontrako jarrera hartu gabe geratu. Paper zurian airean dabiltzan karratu txikiz eraikitako pertsonai eta forma beltzak lan oso pertsonala sortzen lagundu diotela iruditzen zait, askotan deformatutako irudiek hobeto islatzen baitute gure aurrean duguna, literaturan hartzen diren baimenen antzera. Gauza bera gertatzen da izenburuekin; sarritan anbiguoak eta zailak egiten zaizkigu, baina irudiari laguntza ezinbestekoa ematen diote.

Bestalde umorearen eta biolentziaren erabilpenak gizakiaren barruan dagoena ondo baino hobeto azaltzen du.

Espazioa beti izan da Maider Lopezen kezketako bat. Pinturaren bidez espazioa bereganatzen joan da eta hasieran horma erabili bazuen ere espazioan eragiteko, gerora mota guztietako espaziora zabaltzeko joera erakutsi du: barne espazioaren gaineko egiaztatzea eta kanpo espazioaren ezagupena.

Horrelako lan bat aurkeztu du Gure Arteako erakusketan. Okupatu duen aretoa zutabe forma bidez ezagutzen dugu. Zuriz pintatutako koloma luze eta meheen bidez espazioa zeharkatzera gonbidatzen gaitu. Maiderrek beti erabili du kolorea eta argia espazioa bereizteko, ez hainbeste espazioan zabaldutako pintura moduan, baizik eta ikusleari espazioaren existentzia egiaztatzeko. Maiderren lanen aurrean askotan dudan sentsazioa, norbaitek ageriko zerbait erakusten digunean dudan berbera sentitzearena da: bai badakit, ikusi dut, hor dago, baina ondo fijatuz gero edo hobeto begiratuz gero beste esperientzi mota batzuek sumatzen ditugu.