Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2006ko Gure Artea Sariak

Beste edizioak

 


Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua


Aurrekoa - Orrialde 8. Guztira 12 -  Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf,45,20 kB)




 

VIII

Ismael Iglesiasek, Grazeneak bezala, hiru dimentsiodun pintura bilatu nahi izan du une batean. Inguratuko gaituen pintura sortzea artista askoren ametsa izan da urtetan eta instalazioak egiten ere aitzindari izan ziren abangoardietako artista batzuek. Horregatik ordenagailuak ematen digun aukeraz baliatuta baina errealitatera pasa dituzte bi pintore hauek asmo horiek eta ikuslea alde guztietatik inguratzen duen koadroa egin dute azken urtean.

Hala ere Grazeneak teori zientifiko batzuen erakargarritasuna erakusten badu, fraktalena batez ere, Ismael Iglesiasek konbinazioen eta permutazioen matematika teoriak erabiltzen dituela iruditzen zait. Asmo teoriko eta zientifikorik gabe noski, behin eta berriz pinturarako motiboak elkartzen, aldatzen, errepikatzen ahalegintzen da, pinturarako irudi berriak sortzeko. Sarritan espazioaren gaineko hausnarketa ere nagusia da bere pinturan eta baliabide piktoriko hutsen bidez hirugarren dimentsioa lortzea helburuetako bat da. Horregatik Grazenearen pinturan bezala egitearen garrantzia, pintatzearena alegia, biak artisautza eta teknologiaren artean mugitzen dira.

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aspalditik ari dira Meanwhile in the lilving room... proiektua lantzen. Sozializazio moduei buruz hitz egiten duela iruditzen zait. Alde batetik kamerak ematen duten errealitatea eta bestetik guk geuk espazioa nola moldatzen dugun aztertzen ari dira. Espazio publikoaren gaineko hausnarketak garrantzi handia du bikotearen lanetan. Orain dela urte batzuek terrorista bati egindako elkarrizketan edo Camillaren proiektuan gizarteratze motak zein diren eta prozesuak nolakoak diren ikertzea gustuko dituztela azaltzen zuten. Ez da gauza berria esatea komunikabideek, batez ere telebistak, gure bizitza moldatu dutela eta harremanak izateko moduak zeharo eraldatu dituela. Telebista espazio publiko moduan ulertuta Iratxe eta Klaasen lanetan modu batera edo bestera azaltzen da. Erakusketa aretoan plato bat eraikitzen dutenean plaza publikoaren antza hartzen du, baina ñabardura handi batekin, erraz moldatu edo manipulatu daitekeen esparrua da. Baina ez al da beti horrela izan? Plaza publikoan esku hartzea politika eta boterearen helburua izan da historian zehar. Hala ere iraultza burgesak lortu zuen espazio pribatua edo intimitatea, telebistaren garaitik aurrera ez dira espazio publikoarekin alderatuta hain ezberdinak

Bestalde, gure hiriak kameraz beteta daude eta horrek espazio publikoa ulertzeko beste modua onartu behar dugu. Iratxe eta Klaasen proiektuan bertan Herbeheretako hiri bateko kalean zegoen kameratik jasotako irudiak ikus ditzakegu. Antzeko zerbait gertatzen da Bilboko etxebizitza berri batetik jasotzen diren irudiekin. Kasu horretan kamera artistena da, baina kalea edo auzo berria nola moldatzen dugun erakusten digute, guztia noski egongelatik begiratuta.

Las Lilas de Jeleton izeneko marrazkiak alegiazko mundua eraikitzeko erabiltzen dituzte Jesus Arpal eta Gelen Alcantarak osatutako artista bikoteak. Jeletonek garai bateko marrazkien estiloa erabiltzen dute gaur eguneko erreferentziak eskaintzeko. Errenazimentutik aurrera erabilitako marrazkiak dira Jeletonen oinarria. Marrazki horietan alderdi estetikoaz gain marrazkiak zerbait esateko erabiltzen ziren, idazkera antzekoa zen eta kode jakin batzuen bidez gizarteak onartutako baloreei buruz hitz egiten zuten. Alderdi plastikoa eta esanahiaren arteko harremana bilatu nahi dute Las Lilas de Jeleton marrazkietan, esanahi garaikideak noski. Gure munduari buruz era alai eta ia naif batean hitz egiten digute marrazkiak, ezer esan nahi ez balute bezala azaltzen zaizkigu, sakoneko gaiak aztertzen. Gizarteko kodeak edo baloreak bizirik irauten dute nahiz eta arteak gaur egun ez zabaldu, horregatik marrazkiak balore horiek irudikatzen dituzte eta ia barregarriak direla konturatzen gara, zineak edo publizitateak horrenbestetan aurpegiratzen dizkiguten gauzak (eta normaltzat hartzen ditugunak) marrazkien bidez irudikatutakoan.

Ezin dut Robert Altmanen izenburu bereko filma ez gogoratu Aitor Lajarinen Vidas Cruzadas (Bizitza gurutzatuak) lana ikusten dudanean. Filmean bezala bizitzaren mapa marrazten du Aitorrek eta bide, errepide, lorategi, etxebizitza eta jendea ikusten dugu. Guztien arteko harremana da instalazioa, baina jendearen bizimodua koadro txikitan azaltzen digu, espazio intimoak eta publikoak dira irudietan pintatuta daudenak eta horrek harreman mota infinituak sortzen ditu artistak bat bestearen hondoan jartzen dituenean edo bat bestearekin kalea dirudien lerro baten bidez lotzen duenean, edo hormaren goiko muturrean isolatzen duenean.