2006ko Gure Artea Sariak
Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua
Aurrekoa - Orrialde 5. Guztira 12 - Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf,45,20 kB)
V
Bideoak egiten dituztenak ere kontuan izan behar ditugu eta erakusketan Miren Arenzanaren joko dibertigarria ikusteaz gain, inguru soziala aztertzen duen Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen bideoa ikusiko ditugu, azken hori instalazioa baten barruan sartuta.
Marrazkiaren eta ikus-entzunezkoen ugaritasuna kontuan izan arren beste baliabideak ez dira desagertu eta lehen bezain interesgarri izaten jarraitzen dute. Pintura adibide onak ditugu erakusketan Iñaki Grazenearen, Aitor Lajarinen eta Ismael Iglesiasen lanetan.
Badirudi eskultura espazioaren hausnarketan babestu dela eta mota guztietako instalazioak ikus ditzakegu erakusketan: Maider Lopezen espazioaren eraldaketa zuria, Aitor Lajarinen pintura eta material ezberdinak elkartzen dituena, Asier Mendizabalen objektu, mezu eta ikuslearen inplikazioa bilatzen duena eta Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen gertakizuneko eskenatokiak.
Azkenik argazkigintzak aurreko urtetan izugarrizko gorakada izan ondoren, bere onera itzuli dela dirudi. Argazki guztiak balio handikotzat izan ditugun garaia pasa da eta orain proposamen interesgarriak bakarrik iraungo dutela uste dut. Erakusketan dauden proposamenak bezala, Aitor Ortizen asmatutako espazio huts eta monumentalen argazkiak eta Begoña Zuberoren memoria duten giza bizitzarako hiri espazioen gaineko proiektua
Baina baliabideen bidez egindako sailkapena baino gehiago edukietan eta esanahietan sartzea gustatuko litzaidake, alderdi formal hutsak ez baitio ematen arteari bere zentzua. Modu batera edo bestera ingurua aztertzen dituen artelanak nagusi dira erakusketan. Testuingurua aztertzeko aukera artista askoren lanetan suma dezakegu, adibidez Juan Perezen marrazki eta beste lanetan ironiaren tresna erabiltzen du inguratzen gaituen gizartea, memoria, politika, portaerak, erlijioa eta abarren gaineko hausnarketa egiteko. Antzeko zerbait gertatzen da Txuspo Poyoren marrazki eta bideoekin, nahiz eta ironia ez erabili. Anbiguotasuna eta subjektibitatea indartsu azaltzen dira lan horietan.
Asier Mendizabalen lanetan alde politikoa nabarmenagoa da. Testuinguruari azalpena emateko azken hamarkadetan gertatutakoa gainbegiratzea ezinbestekoa da eta mendebaldeko kulturak izan dituen oinarrizko ideien azterketak egiten ditu, non eta nola dauden ikusteko. Txaro Garaigortaren irudiak poetikoagoak izan arren, badute kezka soziala edo gure mundu global honetan gertatzen denaren aurreko galderak. Immigrazioa da Txarok aztertzen duen gaia marrazki eta animazioaren bidez, emakumearen ikuspuntutik gainera, gure mendebaldeko munduaren zati honetan dugun hutsune handienetakoari arreta jartzeko: lortu ditugun eskubideak ez zaie guztiei iritsi.
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen instalazioan ere inguru hurbila aztertzeko aukera eskaintzen zaigu. Hiria gure bizitzaren eskenatokia da, baina nolakoak dira hiriak sortzen dituen sareak? Etxe berriak betetzerakoan espazioarekin harreman berriak sorrarazten ditugu, ez bakarrik gure etxeko espazio pribatuarekin, baita espazioa publikoarekin ere.
Begoña Zuberoren argazkiek proiektu interesgarria azaltzen dute. Memoria da gure gizarte azkar honek baztertzen duen alderdietako bat. Poloniako hiriburuan dagoen bizitzak aurrekariak izan ditu eta ondorengoak izango ditu. Argazkigintza memoriaren aztertzeari oso lotuta egon da, nahiz eta azken urtetan beste gai ezberdinetara zabaldu, baina oraindik aproposa iruditzen zait, horrelako proiektutan sakontzeko.
Beste artista multzo batek artearen baliabideak aztertzen ditu edo artistaren rola artea izeneko azpi egitura kulturalean. Pinturaren aukerak bilatzen jarraitzen dituzte Iñaki Grazeneak, Ismael Iglesiasek eta Aitor Lajarinek. Ia guztiek espazioan zabaltzen duten pintura egiten dute edo erakusteko modu berrietan hausnartzen dute. Iñaki Grazenea eta Ismael Iglesiasek, bakoitzak bere modura, antzekotasun handiak dituzte teknologia berriek sortu dituzten irudiak aztertzerako orduan. Biak ahalegindu dira pintura espazioak sortzen, birtuala izan zitekeen pintatutako aretoak eraikitzen. Biak informatikak sortu dituen irudi berriak irudikatzeko erronkan saiatu dira.