Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2006ko Gure Artea Sariak

Beste edizioak

 


Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua


Aurrekoa - Orrialde 6. Guztira 12 -  Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf, 45,20 kB)



 


VI

Aitor Lajarinen instalazioak zatiz betetako sareak dira. Baina oraingo honetan, informatikaren sareen eragina izan beharrean, hirigintzaren sareak sortzen dituen harremanak aztertzen ahalegindu da.

Aitor Ortizen argazkiak ere baliabideari buruzko hausnarketarekin batera, hau da argazkiak duen ahalmena existitzen ez duten espazio errealak sortzeko, artelanaren helburu estetikoa azpimarratu nahi du. Gizakirik gabe, baina gizakiak eraiki dituen egiturak argazkiaren bidez trukatzen dira irudi ederrak aurkezteko, ikuslea txunditu, gozatu, kezkatu eta harritu dezan.

Aitor Ortizek bezala, aurreko artista hauek guztiak asmo poetikoa azaltzen dute beraien lanetan, era lirikoagoan Aitor Ortizen kasuan edo pinturaren hedapenetan Lajarin, Iglesias eta Grazenearen kasutan.

Maider Lopezen lana ere atal honetan sartu beharko genuke. Alde oso formala dute Maiderren lanak, baina forma horren kontra egiteko erabiltzen duela dirudi. Espazioan hedatzen den pintura izan da Maiderren ezaugarririk nabarmenena, baina kolorea espazioa eraldatzeko tresna moduan ikusi dut askotan eta kolorea desagertu denean, espazioa bera ere lantzeko gai da artista, barne kontraesanak azaleratzeko. Erabili ezin den espazioa da Maiderrek erakusketan jarri duena, betea eta zuria, eskultura, instalazioa eta pintura izan zitekeen artelana, berdin da.

Miren Arenzanak ironia erabiltzen du Juan Perezek bezala, artistaren rolaren gaineko bideo dibertigarria egiteko. Jolasa lehia nola bihurtzen den ondo adierazten du Mirenen bideoak eta objektu bat eskuetatik nola irteten duen erakusteak aitzaki ona izan daiteke, artea eta artistak, edo hobeto esanda, arte munduaren hutsaltasuna adierazteko.

Subjektibitatearen zama handiagoa ikusten dut beste arte multzo batzuetan. Abigail Lazkozen eta Jeletonen marrazkiak alde batetik, eta Itziar Barrioren animazioak bestetik, mundu pertsonalak erakusten dizkigute, barne identitateak ikuspuntu oso pertsonala ematen die irudi hauei.

Azkenik Mikel Louvelliren bideoak aurreko guztien ezaugarriak betetzen ditu. Begirada subjektiboarekin batera, bideoaren barne egiturak aztertzen ditu, batez ere denborarena, ekintza sinpleak behin eta berriz errepikatzearekin. Bestalde interpretazio politiko sozialagoa ere bilatu daiteke harriak erortzen diren edo eraikinak erortzen diren bideo laburretan. Hain zuzen, Garai Txarrak izena zuen Louvellik bideo hauekin batera aurkeztu zuen beste batek. Bideozelatari buruzkoa zen eta gazteen ekintza bortitzak azaltzen ziren bertan.

Erakusketako artelanak
Baina erakusketan dauden artelanei buruz sakonago hitz egitea gustatuko litzaidake. Horretarako Miren Arenzanarekin hasiko naiz. Heart's game interpretazio ezberdineko bideoa da. Alde batetik 60ko hamarkadako estetika itxuraz baliatzen da ironia sartzeko. Bestalde bikote harremanari buruzko metafora izan daiteke arteaz baliatuta. Bihotzeko kontuak eskultura edo diseinatutako objektu bat eraikitzearekin parekatzen da eta horrek lehian sartzen ditu emakumea eta gizona. Aurrean dituzten zatien bidez artelana zeinek eraiki dezake azkarren? Neska da garailea, bere begiradak gizonaren entzumena garaitzen du eta berak bukatzen du bion arteko eraikuntza.