Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2006ko Gure Artea Sariak

Beste edizioak

 


Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua


Aurrekoa - Orrialde 4. Guztira 12 -  Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf,45,20 kB)


 



IV

Badaude bizitzeko beste moduak, adibidez, mezenas on bat bilatzea edo askok egiten duten bezala lan artistikoa ordainduko dion lan arruntetan jardutea. Baina bi bide hauek ez dira momentu honetako eztabaidaren ardatza.

Erakunde publikoen laguntzak ere modu askotakoak izan daitezke. Ikusi dugun bezala erakunde batzuek sariak antolatzen dituzte, beste batzuek nahiago dute artelanak erostea eta besteek berriz sormenerako diru laguntzak banatzea.

Formula guztiek dute aldeko zerbait eta kontrako ia ezer. Ezin dugu alde batera laga sarien ospe eta promozio kontuak. 1996an Xabier Saenz de Gorbearen eskutik Gure Artea sariak jasan zuen berrikuntzarik garrantzitsuena (diziplina sailkapenen eta hierarkien desagertzearekin batera), hurrengo urtean artistari bere lana Euskal Herritik kanpo erakusteko aukera izan zen. Erakunde publiko batek euskal artisten lana promozionatzeko egiten duen ekimen bakarrenetakoa dela iruditzen zait. Azken ekitaldietan irabazi duten artistei begiratuz gero ez dirudi Gure Artea oso oker zebilenik. Ana Laura Alaez, Javier Perez, Jon Mikel Euba, Jose Ramon Amondarain, Pepo Salazar, Ibon Aranberri, Iñaki Garmendia, Azucena Vieites, eta abar artista ezagunak bihurtu baitira.

Zein da lehen aipatutako formulen artean egokiena? Nire iritziz hirugarrena, sormenerako dirua banatzea, idealena izango litzateke, nahiz eta kulturara bideratuta dagoen diru urritasunak oso zaila egin guztiontzat zerbait iritsiko denaren ilusioa eta gainera modu egokian banatuko denaren ziurtasuna.

Hala ere, badirudi diru publikoa banatzeko hiru modu hauek helburu ezberdinak betetzeko erabiltzen direla. Ez da ohikoa artista ezagunak eta bidea egina dutenak Aldundiko dirulaguntzak eskatzea. Bestalde, oso zaila iruditzen zait artista gazte edo hasi berri batek Gure Artea saria bezalako bat irabaztea. Azkenik, erosketen politikaren bidez artista helduen lanak beregana ditzakete erakundeek, sarien eta dirulaguntzen trena pasa ondoren

Agian hiru formulen arteko konbinaketa egokia izango litzateke artea sustatzeko, laguntzeko eta zaintzeko.

2006ko erakusketa

Sariari buruzko eztabaidak eta hausnarketa orokorrak alde batera lagata, zer eskaintzen digu 2006ko Gure Artearen erakusketak?

Lehendabiziko gauza eta nagusiena barietatea da. Lan ildo asko daude gaur egungo arte praktikan Euskal Herrian, bai baliabideen erabilpenari begiratzen badiogu, bai edukietan dituzten asmoetan ere. Erakusketa hau aniztasun horren emaitza da. Horregatik adin ezberdineko artistak bilatuko ditugu, nahiz eta gehienak 70eko hamarkadan jaiotakoak izan (10, 16en artean).

Gaur egungo artista ia guztiek denetik egiten dute, ez daude baliabide batek mugatuta eta esan nahi duenaren arabera, argazkia, bideoa, marrazkia, pintura, musika, instalazioa, ekintza bat edo guztien arteko konbinaketak aukeratzen dituzte. Horretan asko aldatu da azken urtetako artistaren profila. Horregatik zaila da artistak sailkatzea erabiltzen dituzten baliabideen arabera.

Hala ere, erakusketan ondo ikusten da ikus-entzunezkoen eta marrazkiaren nagusitasuna. Marrazkiari asko kosta zaio autonomia lortzea, baina azken urtetan beste baliabideen mailan jarri da eta gainditzea lortu du hainbat zirkulutan. Bat-batekotasun itxura, materialtasun gutxikoa izatea eta erakusteko modu berriak behar izateak modan jarri dute momentu honetara arte bigarren mailakotzat geneukan baliabidea. Abigail Lazkoz, Juan Perez, Txaro Garaigorta, Txuspo Poyo, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek osatutako bikotea eta Jeleton hutsik edo proiekzioekin konbinatuta marrazkiak jarri dituzte erakusketan.

Bestalde marrazkiei mugimendua ematea ere artearen lehendabiziko mailara pasa da eta animazio bideoak edo animazioa erabiltzen dituzten artelanak moda-modan daudela esan behar dugu. Itziar Barrio, Txaro Garaigorta, Mikel Louvelli eta Txuspo Poyoren adibideak ondo baino hobeto erakusten dute egora berria (agian ez hain berria).