Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gasteizko hondartzak. Laburpena

Azken urteotan ordea, narratiba landu du bereziki, ipuin bildumak eta nobelak tartekatuz. Non dago Stalin izan zen bere lehen nobela, 1991an, eta geroztik etorri dira Emakume biboteduna (1992), Gasteizko hondartzak (1997) eta Baina bihotzak dio (2002) eta Euskal Hiria sutan (2006) ipuin bildumak. Nobelen artean, aipatzekoa da Hezur gabeko hilak (2003), Blackout (2004) eta Elektrika (2004) eleberri laburrekin osatutako Hilen bizimoldea trilogia, hurrenez hurren, Lehen Mundu Gerrari, Bigarrenari eta Aljeriako gerrari eskainiak daudelarik hiru liburukiak. Aipatzekoak orobat, Denboraren izerdia (2003) nobela eta Plastikozko loreak erregearentzat (1998) kronika liburua ere, rock & rollaren sustraien bila egindako bidaia pertsonalaren kontakizuna.

Gasteizko hondartzak. Zatiak

Gogoan daukat zelan, gerra amaitu ostean ere iraun zuten horma hartako zartadurek, harriak belzturik. Baina dena aldatzen da. Kioskoa kendu zuten plaza erditik. Plaza Berria zena Plaza España bilakatu zen goizetik gauera. Bai, gauzak oso aldatzen dira itxura batean. Atzamarka apur bat egindakoan ordea, ostentzen dituen mintz zuria jausi eta begibistara azaltzen dira segituan. Irudipen horrek lagundu nau Gasteizera itzuli naizenetik. Hemendik aldegin nuenetik zabaldu eta modernizatu egin den arren, funtsean ez da ezertxo ere aldatu. Hor nonbait izango dira, oraindino, bertotik aldeginarazi nindutenak ere, edo euren ondorengoak osterantzean, eurak bezain doilorrak, okerrak. Odolean daramate txarkeria. (Ikatza bezain beltz)

Itzela zen zabortegia. Han edozer gauza aurkitzeko gaiztasunaz konturatzea kolpe gogorra izan zen Karmelorentzat. “Gurutze bat, hi burutik hago!”, Gasparren hitzak aditu zituen ostera. Nolanahi ere, ez zuen etsiko, beranduegi zen. Haraino helduta, Jainkoarengan sinesmen osoa jarri eta bilaketari ekin behar zion besterik gabe. Dominak, inon egotekotan, han behar zuen, azken egunetan eramandako kondar eta zikinkeriaren artean, iritsi berriak zirenen artean hain zuzen ere. (Burdinazko gurutzea)

Egunero dozenaka irekitzen zituen Castrok. Milaka igaro ziren bere eskuetatik aurreko ia hamabost urteetan. Eskutitzen bat aukeratu eta, xiringaren bitartez, lurruna gutunazalaren barruan sartu, zabaldu, gutuna atera, irakurri eta interesgarritzat jo ezean, atzera sartu, gutunazala itxi eta deus gertatu izan ez balitz bezala uzten zuen, bere bidea lasai jarrai zezan. Hala izaten zen gehienetan, gutxi izaten baitziren kopiatzea merezi zutenak eta gutxiago, bakan batzuk besterik ez, estatuari arriskua zekarkiotelako bertan bahitu beharrekoak. (Erne ibili beharra zagok)

Niri ostera musika alaia gustatzen zait, ordu bi t´erdietako berrien aurretik Radio Nacionalen edukitzen dutena, aitak zarata deitzen duen hori berbera: hippiena edo dena delako hori. Istripua izan baino lehen belarria irratiari itsatsirik entzun behar nuena eta ordulariari begirik kendu barik entzun ere aita noiz etxeratuko kaleko atea sumatu orduko amatatzeko. Zale handia naiz. Beltzek kantaturikoen zalea batik bat: Otis Redding eta Wilson Pickett eta horiek guztiak. (Pirata esaten dit amak)

Neskatoaren ikasgelak horiskak zituen paretak, eta arbelaren gain-gainean ageri ziren Jesukristo gurutzean eta haren ama Mariarenaz landa, gainerakoak Afrikako misiolariei buruzko irudiak ziren: ume beltz baten burua irudikatu eta irakaslearen mahaiaren gainean zegoen itsulapikoa ere bai. Bertara hainbat sos sartzen zuten ikasleek. Noizbehinka eskuetan hartu eta, zegoen lekutik nekez altxaturik, haren barruko txanponen astuna nabaritzen zuten loriaturik. Lehiaketak antolatzen ziren ikastetxeko gela guztien artean, gehien zeinek emanen. (Ilargian oinez)

Lanerako bidean aitak eskutik oratuta darama seme txikia eskolara. Duela oso gutxi irakurtzen ikasita, dendetako izenak aitari esanez doa: Encuadernaciones Mainer, Kolkay, Añua, Sosoaga, Calzados Avelino... Pozik doa umea, bereganatu berri duen botereak txundituta. Munduak ez dio sekreturik gordetzen. Aita isilik darama aldamenean. Askatasuna, irakurri du letra beltz eta apur bat okerraz horman idatzitakoa. Ez daki zer, baina eskuan nabaritu du behingoan zer edo zer txarto egin duena. (Alfabetatzea)

Unibertsitatean nahiz kaleetan, politika ageri zen nonahi. Rambletan, edozein ideiari buruz hitz egiteko taldeak sortzen ziren bazterretan. Lagun pare bat elkartu, eztabaidan hasi eta berehala inguratuko zitzaien jende gehiago, eta auzian zegoenaz jabetu orduko, baten edo bestearen alde bero egingo zuten, urteetako isiltasun derrigortuaz azkenik askatzeaz ezin kontentuago, beren iritziak ahots goraz aldarrikatzen. Hitz-jario harekin mozkortzen ziren, inoiz alkohola edaten ez duena bizpahiru garagardo hartuta mozkortzen den bezain erraz. Goizetik gauera auskalo nondik irtendako alderdi, alderditxo eta sasialderdiek beren aldizkari eta panfletoak saldu edota banatzen zituzten. (Proletargoaren malko erreak)

–Zahardadearen ajeak dira –azalduko zion–. Mundu honetan gero eta gutiago geratzen zaiola konturatu eta orain arte bere buruari debekatu dion guztia lehenbailehen eman nahi izango balio bezala jokatzen du. Sekula ez da Gasteiztik mugitu eta orain bidaiak antolatzen iharduten du egun osoan. Ia bera baino handiagoa den atlas itzel bat erosi du eta beldurtuta ditu bidai-agentzietakoak, hara agertuz gero, ordutan edukitzen baititu galde eta galde. (Nola hasi hala bukatu)

Kimioterapiarekin hasi aurretik egunero bi bider joaten nintzaion etxera, bakarrik goizez eta iluntze aldean senarrarekin batera. Telebistaren aurrean aurkitzen genuen, besaulkian tapaki arrosa zarpailtsu batean bilduta eta negarraren distira artean begietan. Gu iritsi eta alai agertzen saiatzen zen. Gauza bera egiten genuen geuk ere, baina berak hainbeste maite zituen telesaio humano (bihotzetik ateratzen zitzaion hitza) haietako bat ikusten hasi eta pixkanaka-pixkanaka itxurak egiteari uzten genion. Isilean denok telebistako tragediei adi geundelakoan, bere baitara biltzen zen gutako bakoitza. (Gaueroko bisitaria)

Hiltzera bueltatu naiz, elefanteak legez. Hiltzera bueltatu naiz Gasteizera eta, jaioterria zapaldu eta laburrera, damutu zait etorri izana. Eskarmentu eskasekoa naiz ba, honen zaharra izateko. Baina, dirudienez, urtetan ikasitakoaren apurrik ere ez zait geratu. Dena galdu dut eta honezkero bizia galtzea baino ez zait geratzen. (Bizi hori galtzeko beldurrez)