Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Xabier Montoya

Xabier Montoia 1955. urtean jaio zen Gasteizen.

Anfetamiña poema bilduma izan zen bere estreinakoa, 1983an. Jenero horixe izan zen, hain zuzen, lehen urteetan bereziki landu zuena. Horren lekuko: Likantropo (1985) eta Narraztien mintzoa (1988). Hiru bilduma hauetako hainbat poema hautatuz, kaier bat eskaini zion Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaierak antologian. Montoiak, bere aldetik, bere poesia osoa bildu zuen 2005ean Bingo izenburupean, hiru poema liburuak batuz, hainbat poema berridatziz eta poema ineditoak erantsiz.

Azken urteotan ordea, narratiba landu du bereziki, ipuin bildumak eta nobelak tartekatuz. Non dago Stalin izan zen bere lehen nobela, 1991an, eta geroztik etorri dira Emakume biboteduna (1992), Gasteizko hondartzak (1997) eta Baina bihotzak dio (2002) eta Euskal Hiria sutan (2006) ipuin bildumak. Nobelen artean, aipatzekoa da Hezur gabeko hilak (2003), Blackout (2004) eta Elektrika (2004) eleberri laburrekin osatutako Hilen bizimoldea trilogia, hurrenez hurren, Lehen Mundu Gerrari, Bigarrenari eta Aljeriako gerrari eskainiak daudelarik hiru liburukiak. Aipatzekoak orobat, Denboraren izerdia (2003) nobela eta Plastikozko loreak erregearentzat (1998) kronika liburua ere, rock & rollaren sustraien bila egindako bidaia pertsonalaren kontakizuna.

Izan ere, idazle gisa ez ezik, Xabier Montoia ezaguna baita kantari bezala ere. Hainbat disko argitaratu ditu, batzuk bakarka, beste batzuk M-ak taldeko kide eta abeslari bezala ere. Horretaz gain, Hertzainak taldearen fundazioan parte hartu zuen eta hainbat taldek abestu izan dituzte berak idatzitako letrak.