Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2007ko literatura sariak

Euskal Hiria sutan - Azala

Izenburua: Euskal Hiria sutan
Irabazlea: Xabier Montoia

Argitaletxea: Elkar

Epaimahiaren erabakia

Saritutako liburuaren ingurukoak

“Orain. Hemen. Gure inguruan gertaturiko istorioak, gertatzen ari direnak apika. Droga-salerosketa zein bikote arazoak, politikoen ustelkeriak nahiz guraso eta seme-alaben konpondu-ezinak. Gai guztiak dira posible, giro guztiek dute tokia, jende-mota orok du bere txokoa euskal hiri honetan.

Ipuingintzarako bere maisutasuna behin baino gehiagotan frogatu ondoren, anbiziorik handieneko proiektuari ekin dio Xabier Montoiak bilduma berri honetan: idazkera doi eta estilo zehatzez, gizarte baten luze-zabala erakutsi, bere xehetasun txikienetan ez bada, bai bere ezaugarri eta zertzelada nagusietan.

Asmamen izugarria, girotze bikaina, erritmo lortua, teknikaren menperatzea aipa litezke lanaren dohainen artean. Horien gainetik edo azpitik, baina, pertsonaien eraikuntza biribila eta haien gorabeheren sinesgarritasun osoa nabarmentzen dira; euskal hiri honetan ere sutan baitira gizakien bihotz beti zaurituak.”


Zatia

Igandea da, uda bukaerako igandea, eta norabait joan daitezela eskatu dio Susanak senarrari, bazkaldu ondoren. Nekez onartu dio eskaera. Igandeak etxetik irten gabe nahiago senarrak, batez ere futbola atzera hasi denetik. Telebistako partida hasi aurretik itzuliko direla agindu dio Susanak, ordu bateko osteratxoa besterik ez dela izango, kafea nonbaiten eta ibilaldi osasuntsu bat ondoren. Altxatu da senarra azkenean, Susanak agindutakoak beste irtenbiderik uzten ez diola iritzita, albo banatan dituen semeak begira dituela. (…)

Ozta hitz egin dute pasealekura iritsi arte. Hanka luzeak ditu senarrak, eta nahikoa lan du Susanak harekin batera ibiltzen. Alferrik erregutu dio urtetan, pitin bat motelago joan dadila.

Serio hitz egin behar dugu.

Itsasoari begira dago senarra, ezer entzun izan ez balu bezala.

Gutaz hitz egin behar dugu, gaineratu du Susanak, badaezpada ere.

Senarrak berdin jarraitu du.

Utzi egin behar zaitut, Andres. Horrela esan dio, zuzen eta artez, azken egunetan pentsatutako hitz egokiez bat-batean ahaztuta. Senarraren ahotik irten diren hitzak ere ez dira izan Susanak espero zituenak. Oihuen eta orroen ordez, ahots apalez egindako galdera soil bat ahoratu zaio, desenkusan bezala: Noiz?

Ez dakit seguru. Lehenbailehen. (…)

Seguru zaude?

Bai.

Ondorengo isilunea astuna izan da, gogorra, harkaitzen kontra talka egiten duten uhin amorratuek ere pitzatu ez dutena. Harik eta, hura areago eraman ezinik, Susana berriz mintzatu den arte: Maitemindu egin naiz.