Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantza: Dantza Tradizionalaren Estilo Aniztasuna


Sarrera
 
 
Dantza tradizionalaren estilo aniztasuna
 
Oinarrizko kontzeptuak
 
Durangaldeko (Bizkaia)
Dantzari Dantza
Oriako (Gipuzkoa)
Sorgin Dantza
Baztango (Nafarroa)
folklorea
Zuberoako
Maskaradak
Hegoaldeko folklorea
Soka Dantzak


DANTZA TRADIZIONALAREN ESTILO ANIZTASUNA

        Herriaren corpus folklorikoak nahitaez testuinguru batean sartu beharreko sistematizazio-lan konplexua eskatzen du -batik bat maila koreografikoari dagokionez-, betiere jaiaren esparrua oinarri hartuta.

Berariazko inguruneetan gauzatzen diren dantza-ziklo osoekin batera, lurralde osoan zabaltzen diren edo kokagune jakin batzuetan errepikatzen diren dantza jakin batzuk ikus ditzakegu.

DURANGALDEKO (BIZKAIA) DANTZARI DANTZA

    Inolako zalantzarik gabe dantza-ziklorik ezagunena, Euskal Herri barruan zein kanpoan eta arrazoi desberdinengatik, Dantzari Dantza edo Jantzari Jantza dugu. Herrialde guztietako dantza-talde askok egiten dute urtero eta Durangaldeko merindadeko elizate askotan izaera errituala du; izatez, bertakoa da dantza-ziklo hau.

Ohiturak aginduta, bertako jai-egunaren bezperan San Juango edo Donianeatxako zuhaitza jartzen da sinbolikoki (garai batean haritza bazen ere, gaur egun makala jartzen da). Zuhaitzaren enborrari azala kendu eta adarrak moztu ondoren, adaburuan loreak eta banderaren bat jartzen dira. Zuhaitza herriko plazaren erdian jartzen da eta, herriko plaza jaietarako eremua eta, ondorioz, herritarren ospakizunetarako gunea denez gero, zenbait ekintza egiten dira zuhaitzaren inguruan egun horietan.

Zikloa osatzen duten bederatzi dantzarien kopurua aldaketarik gabe mantendu da XIX. mendeaz geroztik, gutxienez, eta batzuetan elkarren aurka dauden dantzarien bi ilara paraleloek osatzen duten irudi koreografikoak kemena, erreminten erabilera eta erremintak erabiltzeko trebetasuna irudikatzen du.

Batzuek erakustaldiaren une garrantzitsuenean beren trebetasuna erakusten duten dantzari-kopuruaren araberako izena hartzen dute: Banangoa, Binangoa, Launangoa; beste batzuek, aldiz, taldeko kideek elkar jotzeko erabiltzen dituzten tresnen araberako izena hartzen dute: Ezpata Joku txikia edo nagusia, Makil Jokua o Makil Dantza; gainerakoak beste hauek dira: Agintariena, Zortzinangoa eta, amaitzeko, Txotxongiloa. Azken honetan dantzarietako bat altxa egiten dute eta horizontalki etzanda jartzen dute airean, gainerakoek sigi-saga honen gorputzaren azpitik dantza egiteko. Elezaharraren arabera gaizkile baten exekuzioa irudika dezake edota, agian, buruzagi baten goratzea.

Antzeko ezaugarriak dituen beste dantza-ziklo bat Gipuzkoako Brokel Dantza dugu, bertan ere bederatzi dantzari dira dantza egiten dutenak eta makila handiak zein txikiak elkarren artean jotzeko erabiltzen dira. Dantza hauek brokelekin eta Zinta Dantzarekin osatzen dira, bai eta San Juanetan eta Inauterietan Berastegi eta Lizartzan egiten diren dantza-zikloekin ere.

ORIAKO (GIPUZKOA) SORGIN DANTZA

       Dantza irrigarrien arteko nagusiena Sorgin Dantza dugu. Gorputz xelebre eta mugimendu nolabait lizunen nahasketa den dantza hau leku jakin batzuetan mantendu eta berreskuratu egin da.

Ezagunena Lasarte-Orian egiten da. Lasarte-Oriako dantza honen historiak Bergaratik herri honetara etorritako langileak ditu sorburu.

Dantza hau Antzuolan ere dantzatzen da gaur egun inauteri aldean, dantza honetan dantzariekin batera, musikoez gain, mozorrotutakoak azaltzen zaizkigu eta hauen artean hartza eta tximinoa. Aretxabaletan bertsio bera dantzatzen da, oraingoan Txino Dantza izena hartzen badu ere. Dantza honetarako linozko kamisoi sinple bat janzten da eta abestiak berde dauden mahatsak ditu aipagai.

Antza denez, dantza-mota honek eremu zabalagoa hartzen zuen beste garai batzuetan. Otxandioko adinekoek antzezpen handi eta oihu ugariko Sorgin Iantza ibiltaria gogoratzen dute.

BAZTANGO (NAFARROA) FOLKLOREA

    Oso eremu gutxik dute aire garbi eta ur gardeneko haran berde eta natural honek duen kultur ondare zabala.

Urtarrilaren hasieran haurrek egiten duten zintzarrotsa, ondoren inauteriak eta inauterietan hartza eta guzti dantzatzen den Sagar Dantza, maiatzean basabitxiloreen eskea ospatzen dute eta zaindariaren jaietan Mutil Dantzak egiten dituzte. Azken dantza hauek oso sakon errotuta daude herritarren sentimenduetan.

Herriko plazan parte-hartzaileek txapelak eskuetan dituztela agurtu egiten dute eta "aunitz urtez!" adierazita, zirkulu bat osatzen dute eta erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan mugitzen hasten dira, erritmikoki egiten dute. Batzuetan beren izenekin zerikusirik ez duten pausoak egiten dituzte: Xerri-begi, Xoxuaine, Xoriaine o Ardoaine; eta beste batzuetan, aitzitik, beren izenekin oso lotura estua duten pausoak egiten dituzte: Zazpi Jautzi, Hiru puntukoa…

Euskal Pirinioetan murgilduz, antzekotasun handiak antzeman daitezke. Iparraldeko lurraldeek kate orografiko luzea ezezik, hizkuntz katea eta kate koreografikoa ere osatzen dute. Jautziak edo saltoak, biribilean egindako dantzak, herri desberdinetan dantzatzen dira eta herri bakoitzean bertakoen erreferentzia zuzena egiten duen izena hartzen dute: Azkaindarrak, Milafrangarrak, Lapurtarrak... Kasu honetan ezin dugu ahaztu dantza hauek eta beste batzuk hobe mantendu diren herrietako bat muga egiten duen Luzaideko herria dugula. Inauterietako antzinako ospakizuna, duela 50 urte baino gehiago Berpizkundearen Bazko Igandean ospatzen dena, garrantzi handikoa da eta bertan alkandoraren bizkarraldean zintzilik zinta luzeak dituzten Bolantak dira nagusi. Luzaideko herritar guztiak ez ezik, inguruko herrietakoak ere biltzen dituen inauteri honetan jai-giro handia izaten da eta kolore biziko arropak jartzen dituzte.

Baztan aldera itzuliko gara, bertako beste dantza-ziklo bat aipatzeko: Irri Dantzak edo Iostaketa Dantzak. Jatorrian landa-lanetarako atseden gisa edo neguko egun luzeetan ondo pasatzeko dantzatzen ziren eta beren izenetan beren eboluzioa antzeman ahal izango da: Katadera Dantza, Esku Dantza, Saskito Dantza, Zurrume Dantza edo Zartain Dantza, besteak beste.

ZUBEROAKO MASKARADAK

    Inauterietako errepresentazio eta fartsarik bereizgarrienak Zuberoan ospatzen diren neguko maskaradak dira. Maskaradetan dantza ibiltariak, jolasak, txantxak, janzkera deigarriak eta arropa zaharrak, eskeak, herriaren parte-hartzea, erakusketak, lanbideen antzezpenak, arraza baztertuen antzezpenak, hizkera satiriko anitz eta musika biltzen dira.

Urtero herri bateko biztanleek maskaradetako errepertorio osoa prestatzen eta entseatzen dute, batzuetan herri horretakoa ez den jendearen laguntzarekin, eta ondoren lau hilabetez, gutxi gorabehera, emanaldiak igandero ematen dituzte haran horretako herri desberdinetan.

Segizioa bi talde ia antagonikoetan banatzen da: batetik Gorriak ditugu, dotore jantzita daude, ordenatuak dira eta dantzaren pauso eta mugimenduetan txukunak; eta, bestetik Beltzak ditugu, hauek desordenatuak eta zarpailak dira, ibiltariei zirikatzen diete, oihu egiten dute eta, beste garai batzuetan, Biarnoko hizkuntzan edo okzitanieraz mintzatzen ziren.

Emankizuna eskaini behar duteneko herriko herritarrek harrera ona egiten diete eta goizez herriko kaleetan barrena ibiltzen dira eta, noizean behin, Barrikadak egiten dituzte. Barrikadak eske eta dantza-borroka baketsuak dira eta barrikadetan dantza egin ondoren aperitibo gaziak eta gozoak, freskagarriak eta likoreak eskaintzen dizkiete bertakoek.

Pertsonaia nagusiek (Txerrero, Gathuzain, Zamaltzain, Kantiniertsa eta Banderari) aldizka egiten dute dantza, muriskas eta antrixat-en artean biraka Jauna eta Anderearen begien aurrean. Bien bitartean, beltzek -galdaragileak eta ijitoak- bata bestearen gainean jauzi egiten dute, astindu egiten dute elkar, txantxetan aritzen dira eta zirikatu egiten dituzte hitzez zein gorputzez segizioaren gainerakoak eta ikusleak, irriak eta barreak sortaraziz.

HEGOALDEKO FOLKLOREA

    Euskal Herriaren beste muturrean, geografikoki zein klimatologikoki, Euskal Herriko eremu mediterraniarrak bere jaietako ospakizunetan ukitu mediterraniar eta anitza eskaintzen du.

Lehenik, Arabako Errioxa aipatuko dugu, eskualde honek kulturari dagokionez inguruko beste herri batzuekin lotura du eta, hala, udaberri eta uda partean, opor sasoian bete-betean dela, ospatzen dituzten zaindarien jaietan prozesioak eta erritoak uztartzen dira.

Biasteriko dantzarien
Argazkia: Biasteriko dantzarien kalejira (Araba)

   Euskal Herriaren beste muturrean, geografikoki zein klimatologikoki, Euskal Herriko eremu mediterraniarrak bere jaietako ospakizunetan ukitu mediterraniar eta anitza eskaintzen du.

Lehenik, Arabako Errioxa aipatuko dugu, eskualde honek kulturari dagokionez inguruko beste herri batzuekin lotura du eta, hala, udaberri eta uda partean, opor sasoian bete-betean dela, ospatzen dituzten zaindarien jaietan prozesioak eta erritoak uztartzen dira.

Ekoran, Santo Domingoren omenezko jaian Bercijanako Andre Mariaren dantza edo Katearen Dantza egiten dute, dantza hau Andre Mariaren irudia eliza batetik besterako ibilbidean dantzatzen da irudiaren aurrean. Biasterin, San Juan jaietan, bertako bandera astintzeko ospakizuna eta Erramu Dantza egiten da. Eltziegon, iraileko Plazako Andre Mariaren ospakizunean Zuhaitza, Lau Kale eta Jota izeneko dantzak egiten dira. Oionen, berriz, neguan, Zaindarien Dantza eta Cachiaren dantza berezia egiten dira. Azken dantza hau udal bandera jasotzerakoan egiten da eta bertan arlekin itxurako jantzia daraman eta Cachi izena duen pertsonaia batek banderaren azpian jirak eta birak ematen ditu lurrean.

Eskualde honetako herririk gehienetan azaltzen da bufoi itxurako pertsonaia hau; alabaina, izen desberdinak hartzen ditu: Cachimorro, Cachirulo edo Cachibobo eta/edo Bastonero. Pertsonaia honek dantza zuzendu eta gidatzeaz gain, jendeak ondo pasa dezan lortzen du, kasuak kasu.

Euskal Herri mediterraniarreko beste eskualdeak, Nafarroako Erriberak alegia, inguruko herrietan izan du eragina. Kortes, Fustiñana, Ablitas, Monteagudo, Murtxante, Erripazuloaga edo Buñuel bezalako herrietan, Dance edo Paloteado izeneko ikuskizuna interpretatzen dute. Ikuskizun historiko honek bertsotan antolatutako antzerkia eta dantza uztartzen ditu eta Erdi Aroko jatorria duten hainbat elementu gogorarazten ditu: artzain-burua, morroi-nagusia... Bestalde, arku, zinta eta makila dantzak ditugu.

SOKA DANTZAK

    Uniformetasuna lokarri duten dantza mordo bat biltzen dituen atal honen barruan, Soka Dantzak gure geografiaren gehiengoan zabaltzen dira eta izen ugari hartzen dute: Aurreskua, Erregelak, Ingurutxoa, Zortzikoa, Soka Dantza, Larrain Dantza, Ttun ttun, Dantza edo Iantza Luze, Branlea, Trapatan, Pamperruque, eta abar.

Lizarrako dantzariak
Argazkia: Lizarrako dantzariak, herriko jaietako egun nagusian egin ohi den prozesioan dantzatzen (Nafarroa)

   Soka dantzak dira, batik bat, Euskal Herriko gizarte-dantzak. Bi sexuetako pertsonek hartzen dute parte -dantzarik gehienetan tradizioz gizonezkoek soilik egin izan dute dantza- eta dantza hau egiteko janzkerak ez du irizpide finkorik, beste dantzetan ez bezala.

Dantza hauek zati desberdinak dituzte eta zati hauetako batzuk, halaber, unitate gisa dantzatzen dira. Honela, lotu gabe edo lotuta egiten diren dantzak ditugu: Jotak, Arin-arinak edo Porrusaldak eta Kalejirak.

Dantzaren egitura batetik bestera, ordenan zein kopuruan, aldatu egiten bada ere, lokarri bat dute: giza elementuaren kategorizazioa eta harremanaren zentzua.

Lehen eskuaren eta azken eskuaren arteko erronka, hau da, sokako lehenaren eta azkenekoaren arteko erronka, hauetako bakoitzaren erakusketa, beste sexuari taldean zein bakarka omendua edo ohoratua izan dadin gonbita eta amaitzeko guztiek batera Jota, Arin-arina dantzatu ondoren, Biribilketa alaitsuan plazatik irtetea. Beste aldaera batzuetan, emakumezkoek dantzaren hasieratik hartzen dute parte aktibo eta batzuetan zuzendu ere emakumezkoek egiten dute.

Garai batean Soka Dantzak Euskal Herriko bazter guztietan dantzatzen ziren. Gaur egun, berriz dantza hauen ordez "Ohorezko Aurreskua" dantzatzen da; aurresku honen melodiak jatorrizkoaren melodiarekin bat egiten badu ere, dantzak itxura guztiz galdu du, bakarkako dantza bihurtu da eta ez du jatorrian zuen zentzua.

Emilio Javier Dueñas

Azken eguneratzea: 2006/01/02